Finantzaketa-iturriak


KategoriakEnpresa

Finantzaketa-iturriak, finantza-iturriak edo finantzazio-iturriak enpresak finantzatzeko (ikus, finantzaketa) baliatzen dituen baliabide finantzarioen jatorria da. Iturri horiek bi sail nagusietan banatzen dira: alde batetik, barne finantzaketa edo autofinantzaketa dago, enpresak berak sorturiko baliabideen bitartez finantzatzen denean; eta kanpo finantzaketa, enpresak bere proiektuak bideratzeko besteren bati, kanpoko bati alegia, eskatzen dizkionean baliabideak. Barne finantzaketaren baitan, amortizazio ekonomikoak (enpresak bere ondasunen balio-galera estaltzeko funtsa osatuz) eta erreserbak (irabazien zati bat funts propioak gehitzera eramanez). Kanpo finantzaketaren baitan askoz ere aukera zabalgoak daude: kapital soziala (enpresako bazkideek egindako ekarpenak), bazkideei kapital gehiago eskatzea edo bazkide berriak sartzea (kapital zabalkuntzak, alegia), finantza entitateei eskaturiko maileguak eta kredituak, hornitzaileen ordainketak geroratzea, dirulaguntza publikoak, leasing, factoring eta crowdfounding, besteak beste.

Finantzaketa iturriak sailkatzeko beste irizpide bat epearen araberakoa da (ikus, epe laburra eta epe luzea). Horrela, alde batetik epe laburreko finantzaketa dago aukeran, urtebete baino epe laburrago batera, hala nola hornitzaileen eperako fakturak, normalean hilabete batzuetarako (kreditu komertziala) eta epe laburreko bankuko mailegu eta kredituak, pasiko korrontea osatzen dutenak. Epe laburreko finantzaketak ez du abalik behar izaten, baino bere zenbatekoa mugatua izaten da. Epe luzerako finantzaketan edo finantzazio iraunkorrean, akzioak eta erreserbak (ondare garbia, alegia), bono eta obligazioen jaulkipena (ikus, jesapenak) eta epe luzerako hipotekadun maileguak, abal edo garantiarekin alegia, biltzen dira, gehienetan finantzaketa-bolumen handiagoarekin.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, source of financing; gaztelaniaz, fuentes de financiación.

Ikus, gainera

338 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.