Klase sozialak edo gizarte klaseak


KategoriakSoziologia

Klase sozialak edo gizarte klaseak gizarte batean bereizten den hierarkia soziala da, herritarrak klase sozial horietan bereizi eta ordenatu dituena, dimentsio ekonomiko, politiko edo kultural baten arabera. Gizarte estratifikazioaren ondorio zuzen eta argiena da. Etimologikoki, klasea latinezko classis hitzetik dator, eta Erromako hiritarren zatiketa adierazten du, horien jabetza eta eskubideen araberakoa, armadaren antolaketan ere eragina zuena. Esanahi hori Erdi Arora ere zabaldu zen, non ezaguna den basailu eta jauntxoen arteko bereizketa, eta Aro Modernora ere bai, non bereizketa nagusia estamentuen artekoa zen, pribilegiodun  nobleziaren eta pribilegiorik gabeko hirugarren estatuaren eta burgesiaren artean.

Kapitalismoarekin batera ordea, Karl Marxek klase sozialen interpretazio berria egiten du, eta kapitalaren eta lanaren arteko bereizketan oinarrituz klase sozialen bereizketa proposatzeko, proletarioen eta burgesia kapitalistaren artekoa alegia, horien arteko talkak klase borroka pizten duelarik. Gerora ordea, Marxen klase sozialen funtsezko bereizketa hori gainditu egin da, eta bereizketa deskribatzailea da gaur egun nagusitzen dena, faktore ekonomikoetan, okupazioan, kontsumoan eta hezkuntza-mailan oinarritutakoa, klase baxua (pobreak), klase ertaina, eta goi klasea edo klase aberatsa bereiziz.

Mugikortasun soziala gizabanakoak eta familiak klase sozial batetik bestera igarotzeko fenomenoa da; aurkako fenomenoa da immobilismo bertikala, klase sozial batetik bestera igarotzeko ezintasun edo zailtasuna alegia.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, social class; gaztelaniaz, clase social.

Ikus, gainera

Erreferentziak:

 

319 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.