Morala (latinezko mos, moris-etik) ohitura edo usadioek jokabideari buruz sortutako arauen multzoa da, eginbideak eta debekuak jartzen dituena. Horrela, jokabide bat ohiturarekin bat datorrenean morala dela esango dugu. Jokabidea…
Etika edo filosofia morala ongia eta gaizkia (zuzena eta okerra) zer diren aztertu, eztabaidatu eta azkenean horri buruz irizpide egokiak jartzen dituen filosofiaren arloa da. Halaber, bertutea, zoriontasuna, askatasuna eta eginbeharra ere aztertzen ditu, finean ongiarekin loturiko kontzeptuak direnez. Maiz moralarekin nahasten da, ongi eta gaizki gizarte jakin batean definituta – ohituraz eta tradizioz, askotan – jokabide okerrak gaitzetsi eta zigortu eta zuzenak sustatzen dituen baloreekin alegia, baina etika haratago doan hausnarketa da, moralak ezartzen dituen ongiaren eta gaizkiaren egokitasunaren bila. Horretarako abiapuntu eta irizpide nagusi gisa, helburua pertsonak gizarte batean elkarrekin bizitzea dela aipatu behar da.
Hiru adar bereizi ohi dira etikan: etika deskribatzailea, metaetika, etika normatiboa eta etika aplikatua. Etika deskribatzaileak gizarteko jokabideak modu enpirikoan jaso eta aztertzen ditu, azalpen psikologiko, antropologiko eta soziologikoak emanez (adibidez, kultura batean esklabotza zergatik garatu zen azalduz). Etika normatiboa zuzena eta okerra bereizten saiatzen da berriz, gizarte eta garai jakin batean zuzena eta okerra nola bereizten diren kontuan hartu gabe. Metaetika, bere aldetik, jokabideak justifikatzeko argudio etikoak aztertu eta azkenik, haietarako irizpide arrazionalak bilatzen ditu. Etika aplikatuak, azkenik, arazo etiko konkretuak aztertzen ditu, hala nola abortua, ingeniaritza genetikoa (bioetika deritzon alorrean) animalien eskubideak eta heriotza-zigorra.
Etikaren historia bereziki adierazgarria da; izan ere, etika gizarte-bizitzarekin estu loturik dagoenez, gizartea aldatzen doan heinean, etika ere aldatzen da. Mendebaldeko etikak, filosofia osoa bezalaxe, Antzinako Grezian du jatorri; hain zuzen, etika hitza berak antzinako grezierazko ἦθος (“ethos”; euskaraz, ohitura) hitzetik dator. Homeroren lanetan jada, jokabidearen zuzentasunari buruzko aipamenak azaltzen dira, aretē edo bertuteari, lotsari, errukiari zein thumos edo injustiziaren aurka borrokatu beharrari buruz. Presokratikoen artean, Demokrito izan zen, jaso diren idazkien arabera, etika landu zuen filosofo bakarra. Sofistak izan ziren bereziki giza munduaren hausnarketaz, eta beraz etikaz, jardun zuten lehenak eta bereziki physis/nomos (natura/ohiturak eta legeak) arazoa aztertu zuten, gizakiaren ohiko jokabideak naturalak edo ohiturazkoak edo legeak ezarritakoak ziren eztabaidatuz. Protagorasek gizakiaren berezko natura gizakia animalia politiko gisa garatzeko nahikoa izan ez, eta nomos delakoa beharrezkoa zela aldarrikatu zuen. Dena den, sofistak euren erlatibismo moralagatik, naturaz edo arrazoiz zuzena dena finkatzeko ezintasunagartik, ezagunak dira filosofiaren historian. Mendebaldeko pentsamenduaren abiarazletzat hartzen den Sokratesek aretē edo bertutearen, eta bide batez eudamonia edo zorionaren, muina jakintzan zegoela baieztatu zuen: ongia eta gaizkia bereizteko, jakitun izan behar da, eta gaizki jokatzen duenak ez dakielako jokatzen du horrela. Jarrera horri intelektualismo morala deitu izan zaio. Gainera, jakintza gizartean, besteekiko harremanetan, eskuratzen da haren iritziz, bereziki besteekin elkarrizketatuz, dialektikaren bidez; jakitun izateko askea izan behar halaber. Sokratesen etika Platonen lehen solasaldiei esker dakigu. Platonen ekarpen etikoak, berriz, haren ideien teoriatik eratortzen dira bereziki: gizakiok sentsazioen mendean bizi garenez, nekez helduko gara zorionera garamatzaten Ongiaren, Edertasunaren eta Egiaren ideia gorenetara; hain zuzen ere, Platonek era metafisikoan definitzen du zoriona, eta horrela nekeza da haren idazkietatik etika praktiko bat garatzea. Beste alde batetik, balio moralak ordena politiko egokiaren bitartez bermatzen dira, eta horretarako agintari jakintsuak behar dira, haren iritziz. Aristotelek etika sistematizatu egin zuen banakoaren eta gizartearen etika, eta etika teorikoa eta praktikoa bereizi zituen. Zinikoek etika hartu zuten filosofiako gai eta ekinbide nagusitzat: nomos edo konbentzioak ukatu, eta naturalki bizitzearen alde egin zuten, ondasunak eta aberastasunak gutxietsiz. Estoikoek bertutea ondasun bakartzat hartu eta zorionera heltzeko asko zela baieztatu zuten. Haien iritziz, horretarako grina guztiak baztertu behar ziren, norberaren asebetetzea ere onartzen bazuten ere. Epikurotarren etika, berriz, hedonista da, zorionera heltzeko plazera eskuratu eta mina baztertu behar direnez; plazerak, ordea, naturalak izan behar dira eta gizarteak nolabait ezarritakoak; horrela plazer xumeen alde egin zuten zorionaren bila. Kristautasunak etika platonikoan (Ongiaren eta Egiaren berdintzari buruz, esaterako) eta estoikoan (grinak baztertu beharrari buruz) oinarritu zen, epikureismoaren alderdi naturalistikoak eta eudemonismoa edo zorionaren helburua baztertuz, bizi bitarteko bizitza gutxietsiz eta hil ondorengoa nabarmenduz, batzuetan bizimodu aszetikoa goraipatu arte. Kristau filosofoen artean, Agustin Hiponakoak gizaki guztiak bekatariak direla, eta haien salbamena Jainkoari bakarrik dagokiola aldeztu zuen, haien ekintzak gorabehera. Erdi Aroan, Antzinako Greziako etikaren alderdi batzuk kristau etikaren uztartzen bilatu zen eskolastikan, hala nola etika arrazoiarekin identifikatzea, Jainkoarekin identifikatzen den zorionera heltzeko.
Berpizkundearen ondoren, Aro Modernoan, etika teologia baztertu eta gizakiaren berezko izaera hartuko du ardatz etika aztertzeko. Thomas Hobbes (1588-1679) izan zen etikari buruz lehen ekarpen garrantzitsua egin zuena; haren iritziz, norberaren zaintza eta interesak dira gizakiaren desirak eta aiherkundeak, eta finean ongia eta gaizkia finkatzen dituztenak. Hasiera batean, desira eta aiherkunde horiek gatazka-egoera latz batean jartzen ditu gizakiak, baina norberaren babes-nahiak bakea bilatzera eramaten ditu. Horretarako, gizabanakoak bere banako eskubideetako batzuk eman beharko lituzke, besteek ere berdina egiten dutelarik. Eskubide horien guztien kudeaketa egiten duena Leviathan edo estatua da, banakoen arteko gatazkak bakean konponduko dituena. David Hume-k (1711-1776) emotibismo izeneko teoria metaetikoa eratu zuen, zeinaren arabera baieztapen etikoak balorazio baten adierazpena soilik diren, egiazkoa edo faltsua izan gabe. Hume-k arrazoitik at jarri zituen ekintza etikoak eragiten dituzten grinak eta sentimenduak, eta besterik gabe hor daudela adierazten du; haren iritziz ekintzak etikoak baloratzeko sentitzen duguna baloratu behar da. XVIII. mendean, utilitarismo izeneko teoria etikoa ere sortu zen: etika hedonista bat da, etikaren helburua zorion gehiena dakarten ekintzak lehenestea denez; utilitarismoaren teorikoak izan ziren Jeremy Bentham (1748-1832) eta John Stuart Mill (1806-1876). Immanuel Kant-ek (1724-1804), bere aldetik, etikaren autonomia nabarmendu zuen, etika formala alegia, xede edo objektu jakina duten etika materialen aurka, azken hauek etika beste arlo baten esku uzten dutelakoan.
Etika filosofikoaren zeregin nagusietakoa ekintza edo erabaki bat zergatik den ona edo txarra, zer esan nahi duen zerbait ona edo txarra denean, aztertzea da, zergatik den etikoa alegia. Printzipio etikoen multzo batek bete beharko lituzkeen propietateak ere aztertzen ditu. Gai horiek aztertzen dituen etikaren arloari metaetika deritzo. Ikuspuntu zabalago batetik, etika-sistemen egitura aztertzen duen arloa da, haietan egia/faltsua (zuzena/okerra) irizpideak aztertzen dituena. Batzuen arabera, arrazoia da etikoa finkatzen duena, beste batzuen arabera arrazoi hori erlatiboa den arren. Beste batzuk diotenez, etikoa dena norberaren interesaren araberakoa da beti, eta hala irrazionaltzat hartzen dute, baina norberaren interesa, finean guztien aldeko izatea, etika-sistema baterako argudio sendoa ere izan daiteke.
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.