Errentagarritasuna


KategoriakEnpresa

Errentagarritasuna enpresa, inbersio proiektu edo finantza aktibo batek mozkinak edo irabaziak, etekinak alegia, sortzeko duen ahalmena da. Zenbat eta irabazi gehiago den, orduan eta errentagarriagoa da enpresa, proiektua zein aktiboa, orduan eta errentagarritasun handiagoa izango du. Errentagarritasunak baliabideen efizientzia neurtzen du; hain zuzen, enpresa batek baliabide asko erabili, eta erlatiboki mozkin gutxi eskuratzen dituenean, enpresak baliabide horiek alperrik galtzen dituela esaten da.

Errentagarritasuna enpresaren finantza baliabide propio edo kapitalari buruz zein inbertsioaren kostuari buruz neurtu daiteke, eta horrela errentagarritasun finantzarioa eta errentagarritasun ekonomikoa bereizten dira.

Orokorrean, errentagarritasuna honela kalkulatzen da, eta portzentaje moduan kalkulatzen da:

    \[\text{E}=\frac{\text{mozkinak}}{\text{finantza baliabideak edo inbertsioa}}\]

Adibidez, urteko errentagarritasuna %2 bada, ekarritako edo inbertitutako 100 euroko urtean 2 euro irabaziko direla esan nahi du.

Errentagarritasun ekonomikoa

Errentagarritasun ekonomikoa mozkin ekonomikoa (interesen aurreko mozkinak, IAM deituko duguna, zergak ordaindu aurretik, eta ustiapen-mozkina eta mozkin operatiboa ere deitzen dena) zati aktiboa da:

    \[E_e=\frac{\text{IAM}}{\text{aktiboa}}\]

Zergatik ez dira kentzen interesak mozkinak kalkulatzeko errentagarritasun ekonomikoan? Errentagarritasun ekonomikoan baliabide guztien eraginkortasuna kalkulatu nahi da, aktiboa osatzen dutenak, kontrakontu gisa pasiboaz eta kapitalaz finantztazen direnak, eta interesak kanpoko baliabideei ematen zaien saria direnez, zordunei emandako errentagarritasuna alegia, ez dira mozkinetatik kendu behar.

Errentagarritasun ekonomikoak berdintza hau betetzen du:

    \[E_e=\frac{\text{IAM}}{\text{salmentak}} \times \frac{\text{salmentak}}{\text{aktiboa}}=\text{marjin ekonomikoa} \times {\text{kapitalaren errotazioa}\]

Errentagarritasun finantzarioa

Errentagarritasun finantzarioa interesen ondorengo mozkina (IOM), zergak kenduta (mozkin garbia ere deitzen zaio)  zati funts propioak (enpresaren berezko baliabideak) eginez kalkulatzen da:

    \[E_f=\frac{\text{IOM}}{\text{funts propioak}}\]

Errentagarritasun finantzarioa bazkideak saritzen dituen errentagarritasuna da, interesak eta zergak ordaindu ondoren geratzen den mozkina denez. Interesak kendu egin behar dira, akziodunek jasotzen duten errentagarritasuna neurtzen baitu, zorrari dagokion ordainsaria kendu ondoren.

Errentagarritasun ekonomikoaren eta finantzarioaren arteko erlazioa: palanka-efektua

Erlazio hau betetzen da errentagarritasun ekonomikoaren eta finantzarioaren artean:

    \[E_f=\frac{\text{IAM}}{\text{salmentak}} \times \frac{\text{salmentak}}{\text{aktiboa}}\times\frac{\text{ZAM}}{\text{IAM}} \times \frac{\text{aktiboa}}{\text{baliabide propioak}}\times \frac{\text{MG}}{\text{ZAM}}\]

non ZAM zergen aurreko mozkina den, eta MG mozkin garbia (zergen ondoren). Errentagarritasun ekonomikoaren eta palanka-efektu finantzarioaren definizioak kontuan hartuz, erlazioa era adierazgarri honetan eman daiteke:

    \[E_f=E_e \times \text{palanka-efektua} \times \text{zerga-efektua},\]

non E_e=\frac{\text{IAM}}{\text{salmentak}} \times \frac{\text{salmentak}}{\text{aktiboa}} errentagarritasun ekonomikoaren deskonposatzea den, \frac{\text{ZAM}}{\text{IAM}} \times \frac{\text{aktiboa}}{\text{berezko baliabideak}} palanka-efektua, eta \frac{\text{MG}}{\text{ZAM}} zerga-efektua diren.

Palanka-efektuak besteren baliabideek, zorrek alegia, errentagarritasun ekonomikoan duen efektua neurtzen du:

    \[palanka=\frac{\text{ZAM}}{\text{IAM}} \times \frac{\text{aktiboa}}{\text{berezko baliabideak}}\]

Alde batetik, efektu hori negatiboa da, ZAM/IAM zatidura beti 1 baino txikiagoa izanik, errentagarritasun finantzarioa gutxitzea dakarrelako; baina bestetik positiboa ere bada, (aktiboa/baliabide propioak) zatiduraren bitartez, orokorrean 1 baino handiagoa izango dena; aktiboa berezko baliabideekin neurri txiki batean finantzatzen bada, zatidura 1 baino handiagoa izango da, eta errentagarritasun finantzarioa handitu, errentagarritasun ekonomikoaren aldean.

Azkenik zerga-efektuak errentagarritasun finantzarioa gutxitzea ekarriko du beti, MG/ZAM zatidura beti 1 baino txikiagoa izango denez.

Ikus, gainera

642 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.