Inbertsioa


KategoriakEkonomia

Zentzu ekonomikoan, inbertsioa edo (Ipar Euskal Herrian) inbestimendua (ikus inbestimendu, hiztegian) enpresek  ekoizpen-faktore fisikoak ondasun eta zerbitzuak ekoizteko eskuratzea da (makina berri bat erosi, enpresako bazkideek jarritako diruarekin), kontsumoa ez bezala, non ondasunak eta zerbitzuak beharrak asetzeko erabiltzen diren. Inbertsio finantzarioak ere badaude, eskura dagoen dirua finantza-aktiboak erosi edo kontratu finantzarioak eskuratzeko erabiltzen denean, gero haiek saldu eta irabaziak lortu edo errenta bat eskuratzeko asmoarekin. Inbertsioak ere badira orain erosi eta gero irabaziarekin saltzeko asmoarekin eskuratzen diren ondasun higiezinak, metal bitxiak, lehengaiak, artelanak, bilduma-objektuak eta abar (ikus, espekulazioa). Orokorrean beraz, arlo ekonomikoan nahiz finantzarioan, inbertsioa etorkizunean etekinak edo errentagarritasuna lortzeko egiten den edonolako ekarpena da. Edonola ere, inbertsioak norberaren dirua edo ondarea erabiliz egin daitezke (autofinantzaketa), eta baita ere zorpetuz (kanpo finantzaketaren bitarez, (zorrak hartuz alegia). Inbertsio bati buruzko erabakia hartzeko, inbertsio-proiektua aztertu behar da, horretarako dauden metodoak baliatuz.

Beraz, inbertsioa jarduera ekonomikoarekin nahiz finantzazioarekin lotzen da, ekonomian ziklo bat osatuz. Inbertsioa egiteko, kapital fisikoa eskuratzeko alegia (arlo ekonomikoan),  baliabide gehigarriak baliatu beharrean dago inbertitzailea, bere inbertsioa finantzatu egin behar du alegia. Hain zuzen, inbertsio prozesua zeharkakoa izaten da ekonomian diharduten eragile guztien artean: batak bestea finantzatzen du, horrek beste bat finantzatzeko, eta ..., azkenean inbertsio erreala edo produktiboa, kapital fisikoa edo aktibo produktiboak eskuratuz, egingo duenarengana heldu arte.

Inbertsioa faktore dinamizatzaile garrantzitsua da ekonomian, eskaria gehitzen baitu sistema ekonomikoan, eta behin eta berriz gainera, efektu biderkatzaileak sortuz ekonomian; gainera, inbertsioak produktibitatea ere gehitzen du, inbertsioak ekoizpen-bideak (makinak, ...) berritzea dakarrelako, ekoizpena modu eraginkorragoan burutuz horrela. Horrela, garapen ekonomikoaren giltzarrietako bat dela esan daiteke zalantzarik gabe.

Maila mikroekonomikoan, berriz, inbertsio prozesuak erabaki-prozesu zorrotza beharko luke, etorkizunean izango diren diru-sarrerak eta irteerak behar bezala estimatuz, interes-tasa batez deskontatuz, eta azkenean inbertsioak emango duen errentagarritasuna kalkulatuz.

Ikus, gainera

401 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.