Ikaskuntza esanguratsua


KategoriakHezkuntza

Ikaskuntza esanguratsuaikaskuntza adierazgarria edo ikaskuntza eraginkorra (batzuetan, ikasketa esanguratsua) ikasleak jaso eta barneratu egiten duen hura da, eskuraturiko ezagutzak eta trebetasunak bere bizitzan zehar praktikan erabiltzeko moduan. Ikaskuntza errepikakor eta mekanizistaren aurkakoa litzateke, hori ikaskuntza baino informazio bilketa hutsa baita, bere eskema kognitiboak osatzen lagunduko luketen ikaslearen aurretiko kontzeptuekin lotzen ez dena. Ikaskuntza esanguratsuaren kontzeptua David Ausubelek asmatu zuen 1963 urtean, eta ikaskuntzaren teoria konstruktibisten baitan kokatzen da.

Bi dira ikaskuntza esanguratsurako baldintza nagusiak: alde batetik, subjektua esanguratsuki ikasteko prest egon behar da, eta ikasten dena esanguratsua izan behar da berez, hau da,  ikasleak kontzeptu berriak aurretiko ezagupenekin lotzeko gauza izan behar da, egitura kognitiboa etengabe osatuz modu honetan.  Kontzeptu zahar eta berrien arteko lotura horri asimilazio-printzipio deritzo. Horretarako metodo egokiena aurkikuntza bidezko ikaskuntza da, eta ez ikaskuntza mekanikoaren oinarri izaten den errezepzio bidezko metodoa. Ikaskuntza esanguratsua oroimenezko ikaskuntzaren aldaera bat da, ikaskuntza mekanizista bezalaxe, ikasleak ezagutzak oroimenean bereganatu edo atxiki egin behar baititu, baino kontzeptuen arteko loturak eginez, mekanizismoa guztiz baztertuz eta edukiak errepikatu gabe. Beste alde batetik, metakognizioaren erabilerak ere bultzatzen du ikaskuntza esanguratsua, metakognizioaz subjektuak bere ikaskuntza sendotzeko estrategiak taxutu eta aurrera eramateko gai delako.

Ikaskuntza esanguratsua lortzen da ikaskuntza aktiboko metodologiak garatuz, hala nola egoera didaktikoak eta proiektu bidezko ikaskuntza, eta hura bultzatzen duten baliabideen artean jolas-matematika eta gamifikazioa ditugu besteak beste.

Ikaskuntza esanguratsuaren inguruko teoria nagusia David Ausubel (1918-2008) estatubatuar psikologoak eratu zuen, 1973ko Educational psychology lanean, Jean Piageten ideietan oinarrituz.

Ikus, gainera


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Ikaskuntza esanguratsua"; Gizapedian, 21 iraila, 2018, /ikaskuntza-esanguratsua/.
367 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.