Ekoizpen-prozesua


KategoriakEnpresa

Sojazko saltsa egiteko ekoizpen-prozesuaren irudikapena.

Ekoizpen-prozesua produktu eta zerbitzuak sortu, osatu eta burutzeko beharrezkoak diren eragiketa, zeregin, jarduera eta ataza guztien multzoa da, horretarako beharrezkoak diren ekoizpen-faktoreak konbinatuz, hala nola lehengaiak, osagaiak eta bestelako kapital zirkulatzailea,  kapital finkoa eta lana, input edo intsumoak alegia. Ekoizpena edo output-a prozesu horretan lortutako emaitza da, ekoitzitako produktu eta zerbitzu guztien multzoa alegia. Halaber, ekoizpen-prozesu guztiek teknologia darabilte, produktibitatean eta efizientzian aurrera egiteko ezinbestekoa.

Hain zuzen ere, helburua aurrez erabakitako output edo ekoizpena eskuratzeaz gainera gainera ekoizpen-prozesua efizientzia ekonomiko handienarekin garatzea da (automatizazioaren bitartez, adibidez), ekoizpen-faktoreen dotazio jakinekin ekoitzitako produktuak eta zerbitzuak maximotuz, hots ahalik eta produktibitate handiena sortuz, ezarritako kalitate-irizpideak jarraituz, kostu txikienarekin eta bezero eta kontsumitzaileen beharrak asebetez. Prozesu osoan zehar, balio erantsia sortzen da. Helburu horiek betetzeko behar diren prozedura, teknika eta sistemak garatzen dituen jakintza arloari prozesuen ingeniaritza deritzo, eta ekonomia nahiz ingeniaritza uztartzen ditu.

Historia

Gizakia  beste animaliengandik bereizten duen ezaugarria lan egin behar izatea behar dituen baliabideak eskuratzeko. Hain zuzen ere, mitologian, Prometeok sua lapurtu zion Zeus jainkoari, gizakiei emateko. Horrek agerian uzten du lana eta teknologiaren erabilera gizakiaren funtsezko tresnak direla bere aurrerabidean. Historiaurretik daki gizakiak lanabesak erabiltzen, harria, hezurrak, zura eta sua lehenbizi, eta metalak ondoren. Antzinaroan, Erdi Arora arte, teknologiaren garapena motela izan zen, eta ekoizpen-prozesuak artisau-lana ziren. XVIII, mendean, Industria Iraultzak ekoizpen-prozesuak guztiz aldatu zituen, teknologia aurreratuarekin, espezializazioa eta lanaren zatiketa gauzatzen hasi ziren, produktibitatea nabarmen gehituz. XIX. mendearen bukaeran eta XX. menearen hasieran, Lanaren Antolakuntza Zientifikoa edo taylorismoa garatu zen, ekoizpen-prozesuak xehetasun osoz eta modu analitikoan aztertzen zituena, ekoizpen prozesuak fase txikitan bananduz, fase bakoitzean denborak eta beste baliabideak kontrolatuz, ahalik eta produktibitate handiena lortze aldera. 1920ko hamarkadatik, masa-kontsumoak masa-produkzioaren  sistema ere ekarri zuen, fordismoa alegia,  ekoizpen-prozesuetan estandarizazioa eta lanaren zatiketa areagotuz eta ekoizpenaren eskala maximora bultzatuz.

1970eko hamarkadako krisialdi ekonomikoak fordismoaren masazko ekoizpenaren eredua kolokan jarri zuen. Alternatiba gisa, toyotismoa garatu zen, ekoizpen-prozesuaren efizientzia eskalan eta atazen kontrolean baino, kudeaketan eta antolaketan zentratzen zuena, lan malgua, just in time filosofia, inbentarioak gutxituz, eta lan-taldeak eta langileen partaidetza bultzatuz. Informatikaren eta Interneten garapenak laugarren industria iraultza ekartzen ari da XXI. mendean, ekoizpen adimentsuko prozesuak ekarriz, diseinu aldaketa malgu eta azkarrekin eta datuen erabilera masiboarekin besteak beste.

Ekoizpen-prozesu motak

  • Proiektuen araberako ekoizpena, non produktu bakoitza modu berezian sortu, garatu eta burutzen den, hala nola ontzi baten eraikuntza edo etxe baten eraberritzea.
  • Lotekako ekoizpena, non produktua tamaina jakineko lote edo sortetan banatzen den, eta fase guztiak lote tamaina hori eskuratze aldera antolatzen diren (adibidez, paletak birziklatu eta konpondu egiten dituen tailer batean, egun batean takoak egingo ditu, beste egun batean oholak prestatuko ditu, eta hirugarren batean takoekin eta oholekin paletak muntatuko ditu). Lotearen tamaina hobezin edo optimoa bilatzen da, kostuak eta inbentarioak minimotuz, eta aldi berean eskaria asetuz (adibidez, palet konpontzaileak ezingo luke 2000 takako lote prestatzea planteatu, horiek prestatu bitartean bezeroak zerbitzatu egin behar direlako, edota tako horiek biltegiratzeko kostua oso handia delako, edo tokirik ez duelako).
  • Masazko ekoizpena, serieango ekoizpena edo kateango ekoizpena, non piezak, osagaiak eta produktu erdibukatuak modu sekuentzialean igarotzen diren kate batetik, fase bakoitzean osagaiak txertatuz edo bestelako atazak eginez, etengabean produktu bukatuak ekoizteko (adibidez, automobilgintzan). Taylorismoak eta fordismoak oinarritzat hartu zuten ekoizpen-prozesu mota izan zen.
  • Produkzio jarraitua, masazko produkzioaren antzekoa da, baino bolumena askoz ere handiagoa da, eta faseen arteko lotura zuzena da, inongo etendurarik gabe, adibidez altzairugintzan.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, production process; gaztelaniaz, proceso de producción.

Ikus, gainera

Erreferentziak

686 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.