Aldagai estatistikoa (ikus, aldagaia, kontzeptu orokorrerako) objektu baten propietate edo ezaugarri bati buruz jaso edo neurtzen dena da, zehatz definitu, behatu eta kodetua, bateraezinak diren neurri edo balio ezberdinak hartzen dituena, hala nola tenperatura, pertsona baten hezkuntza-maila edo hitz baten tipologia (izena, adjektiboa, ...). Aldagai estatistikoak berez dira aldakorrak, objektu eta fenomeno aldakorren gainean jasotzen direlako (aldiz, ikertzaileak propio aldatzen duen faktorea, beste batean duen eragina ikertzeko, ez da hertsiki aldagai estatistikoa). Edonola ere, ikerketa estatistikoa behar bezala egiteko, aldagai estatistikoak exhaustiboak izan behar dira, hots, agerpen edo balio ezberdin posible guztiak jaso behar dituzte.
Aldagaia bakuna, ezaugarri bakarra jasotzen duenean (adina), edo anizkoitz edo dimentsio anitzekoa, ezaugarri batzuk batera jasotzen dituenean (adina eta sexua batera), izan daiteke. Aldagai anizkoitza aldagai bakun desberdinetan bereiz daiteke, noski,
Aldagai estatistiko bakuna nola neurtzen den neurketa-eskalak jasotzen du, eta horren arabera aldagaiarekin mota bateko edo besteko teknika estatistikoa baliatu ahal izango da. Erabiltzen den eskala zein den, aldagaia kuantitatiboa (zenbakiz neurtzen denean) eta kualitatiboa edo kategorikoa (kategoriak ezarriz) izan daiteke lehenengo bereizketa baten arabera, baino nominala, ordinala, tarte-eskalako eta ratio-eskalakoa ere izan daiteke, xehetasun handiagoarekin. Aldagai estatistiko bakar bat neurketa-eskala desberdinetan jaso daiteke, adibidez pertsona bati buruz altua dela esan daiteke (eskala ordinala) edo 170cm-koa dela (ratio-eskala).
Ikerketa zientifikoan, aldagai estatistikoak kausa-ondorio erlazioak definitzeko erabiltzen dira maiz. Adibidez, pertsonen altuerak horren pisua eragiten du neurri handi batean, zenbat eta altuagoa orduan eta pisu handiagoa izateko joera dagoelako (ikus, korrelazioa). Kausa-ondorio erlazioetan aldagai independentea edo azaltzailea, kausa alegia; eta aldagai dependentea edo azaldua, ondorioa, bereizten dira. Aldagai dependentea aldagai independentearen eraginez aztertzen den aldagaia da. Kontrol-aldagaiak, bestalde, ikertzaileak konstante atxikitzen dituen aldagaiak dira, aldagai dependentearen aldaketak aldagai independearen eraginez soilik gerta daitezen.
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
Aldagai eta datu kualitatiboak eta kuantitatiboakEstatistikan, aldagai eta datu kualitatiboak edo kategorikoak (ikus, aldagai kategorikoak) elementu edo ikerketa-unitate batzuei buruz nolakotasun edo kualitate bat adierazten denean sortzen dira, kategoria edo modalitate zenbaitetan banaturik. Adibidez sexua…
Aldagai dikotomikoakAldagai dikotomikoa bi balio bakarrik hartzen dituen aldagai kategorikoa da, hala nola, sexua, lan egoera (lanean/lanik gabe) eta gaixo/sano aldagaiak. Aldagai dikotomikoak kuantitatibotzat hartu eta landu daitezke, haien…
Aldagai politomikoak (aldagai polikotomikoak)Aldagai politomikoak edo aldagai polikotomikoak bi kategoria baino gehiago hartzen dituzten aldagai kategorikoak dira, bi kategoria soilik hartzen dituzten aldagai dikotomikoak ez bezala. Aldagai politomikoen adibideak ilearen kolorea (beltza,…