Politikan, subiranotasuna edo subiranotza estatu batek agindu eta gobernatzeko duen ahalmen politikoa da. Batzuetan burujabetza edo burujabetasun terminoak ere erabiltzen dira sinonimo gisa, baina horrelakoetan nazio edo herri batek beste nazio edo herri batzuetatik duen independentzia politikoaren adieran erabiltzen da bereziki. Etimologikoki, subiranotasun terminoa latinezko super amus esamoldetik dator, "jaun nagusia", subirano denak duen botere gorenari erreferentzia eginez. Historian, antzinako Grezian eta Erroman botere politikoa indar eta ahalemn tazitoa izan zen, eta eskasak izan ziren subiranotasuna buruzko erreferentziak. Esan daiteke subiranotasun kontzeptua Erdi Aroaren bukaera aldera landuy zela, monarkak erresumako botere politiko, ekonomiko eta erlijioso osoa bereganatu nahi izan zuenean, Elizari eta jauntxoei aurre eginez. Garai hartako monarkak subirano bilakatu ziren beraz, botere osoa eskuratu zuten heinean. Nikolas Makiavelo (1469-1527) izan zen subiranotasunari buruzko hausnarketa sakona egin zuen lehena, botere absolutua monarkan zentralizatzen zuen estatu baten aldekoa, Printzipea lanean baieztatu zuen bezala. XVII. mendean sortu ziren monarkaren aurka eta herri subiranotasunaren aldeko teoriak, besteak beste John Lockeren eskutik (1632-1704), subiranotasuna herritarrek estatuarekin adostutako hitzarmen edo kontratu sozial batean oinarritzen zela aldeztuz. Ideia horretan oinarritzen da egun ere subiranotasun kontzeptu arruntena, non herritarrek demokraziaren bitartez haiek aukeraturiko ordezkari politikoei ematen dieten subiranotza garatzeko ahalmena, finean haien esku badago ere (ikus, ordezkaritza bidezko demokrazia).
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
Zuzenbide EstatuaZuzenbide Estatua justiziaren independentzia, guztion berdintasuna legearen aurrean eta oinarrizko libertateen bermea bermatzen dituen sistema juridikoa da.1 Horren arabera, zuzenbidea eta estatua identifikatu egin beharko lirateke, baina zuzenbideari…
Ongizatearen estatua eta ongizatearen gizarteaOngizatearen estatua, ongizate-estatua edo probidentzia-estatua herrialde bateko osasuna, hezkuntza, bizi-kalitatea eta segurtasun ekonomikoa bermatu eta sustatzeko estatutik eraturiko instituzio publikoen multzoa da. Ongizatearen gizartea instituzio horien politikei esker…
Kontratu sozialaKontratu soziala agintea edo boterea, bereziki estatuarena, eta estatuak erakundeekin eta herritarrekin dituen harremanak azaldu eta legitimatu egiten dituen teoria da, agintarien, herritarren eta eragile politiko, ekonomiko eta…