Subiranotasuna


KategoriakPolitika

Politikan, subiranotasuna, subiranotza edo botere subiranoa estatu batek agindu eta gobernatzeko duen ahalmen politikoa da. Batzuetan burujabetza edo burujabetasun terminoak ere erabiltzen dira sinonimo gisa, baina horrelakoetan nazio edo herri batek beste nazio edo herri batzuetatik duen independentzia politikoaren adieran erabiltzen da bereziki. Etimologikoki, subiranotasun terminoa latinezko super amus esamoldetik dator, "jaun nagusia", subirano denak duen botere gorenari erreferentzia eginez. Historian, antzinako Grezian eta Erroman botere politikoa indar eta ahalemn tazitoa izan zen, eta eskasak izan ziren subiranotasuna buruzko erreferentziak. Esan daiteke subiranotasun kontzeptua Erdi Aroaren bukaera aldera landuy zela, monarkak erresumako botere politiko, ekonomiko eta erlijioso osoa bereganatu nahi izan zuenean, Elizari eta jauntxoei aurre eginez. Garai hartako monarkak subirano bilakatu ziren beraz, botere osoa eskuratu zuten heinean. Nikolas Makiavelo (1469-1527) izan zen subiranotasunari buruzko hausnarketa sakona egin zuen lehena, botere absolutua monarkan zentralizatzen zuen estatu baten aldekoa, Printzipea lanean baieztatu zuen bezala. XVII. mendean sortu ziren monarkaren aurka eta herri subiranotasunaren aldeko teoriak, besteak beste John Lockeren eskutik (1632-1704), subiranotasuna herritarrek estatuarekin adostutako hitzarmen edo kontratu sozial batean oinarritzen zela aldeztuz. Ideia horretan oinarritzen da egun ere subiranotasun kontzeptu arruntena, non herritarrek demokraziaren bitartez haiek aukeraturiko ordezkari politikoei ematen dieten subiranotza garatzeko ahalmena, finean haien esku badago ere (ikus, ordezkaritza bidezko demokrazia).

Ikus, gainera

311 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.