Ongizatearen estatua eta ongizatearen gizartea


KategoriakPolitika

Ongizatearen estatua, ongizate-estatua edo probidentzia-estatua  herrialde bateko osasuna, hezkuntza, bizi-kalitatea eta segurtasun ekonomikoa bermatu eta sustatzeko estatutik eraturiko instituzio publikoen multzoa da, osasun, hezkuntza eta babes soziala ardatz nagusiak dituena. Ongizatearen gizartea instituzio horien politikei esker osasun, hezkuntza eta orokorrean ongizate maila altuak dituen gizartea da. Bereziki XX. mendean zehar herrialde kapitalista aurreratuetan garatua, ongizate-estatuaren funtzioa merkatuak sorrarazitako errenta-desberdintasunak apaltzea da, baliabide publikoak bideratuz herritar guztiengana, herrialde horietako konstituzioetan ezarritako aukera-berdintasuna eta eskubide sozialak betearatzeko, kalse arreko gatazkak apaldu eta nolabaiteko bake soziala lortze aldera. Historikoki, ongizatearen estatuaren aurrekariak XIX. mendearen bukaeran sortu ziren, gizarte aseguruekin, eta hezkuntza eta osasun-sistema publikoekin batera. XX. mendearen lehen hamarkadetan, estatu liberalaren ideia baztertuz joan zen eta estatu sozialarena indartzen, eta horren isla izan zen Estatu batuetan 1930eko hamarkadan ezarritako New Deal laguntza eta sustapen-programa zabala. XX. mendean zehar, ongizate-estatua zabaltzen joan zen herrialde aurreratuetan, osasun- eta hezkuntza-sistema publiko eta unibertsalak bultzatuz, sindikatuen rola onartuz, langabetuentzako babes-programak zabalduz eta bereziki pentsio-sistemak garatuz (ikus, segurantza soziala). 1970eko krisialdi ekonomikotik aurrera, ongizate-estatua krisian sartu zen, zerga-bilketaren gutxitzearen eta prestazio sozialen gehikuntzaren ondorioz. Horren aurrean, erantzun politikoak bi sailetan kokatzen dira: ezker politikotik ongizate-estatua nola edo hala atxiki eta indartu nahi dutenak, eta eskuin politikotik ongizate-estatua errealitate ekonomiko neoliberalera moldatu eta murriztu nahi dutenak.

Ikus, gainera

312 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.