Gizarte bakea (bake soziala)
Gizarte bakea edo bake soziala gizarte eragile, kolektibo, klase eta erakundeen arteko gatazkak guztiz murriztu eta arindu eta, gertatzen diren kasuetan, haiek elkarrizketa, negoziazio eta kontsentsuz kudeatu eta bideratu egiten diren egoera da. Talde eta banakoen ongizatea eta desberdintasun eta bidegabekeria egoerei irtenbide egokia ematea dira bake sozialaren aldeko ingurunea eratzen duten baldintzak. Horretaz gainera, bake soziala gizarte baten garapenerako ezinbesteko baldintza ere bada: bake sozialik gabeko gizartea etengabe gatazkan dagoen gizartea da, azkenean istilu politikoak eragin eta gizartearen garapena eragozten dutenak. Beste hizkuntzetan: ingelesez, social peace; gaztelaniaz, paz social.