Mugatze-koefizientea


KategoriakEstatistika

Mugatze-koefizientea edo determinazio-koefizientea (R^2) erregresio batean puntuak estimatutako lerrora zenbateraino doitzen diren neurtzen duen doikuntzaren egokitasunerako neurri bat da. 0-1 (0-100, ehunekotan) arteko balioak hartzen ditu eta 100etik gertu dagoenean, puntuak lerrotik oso gertu daudela, lerroa puntuetara oso ongi doitzen dela alegia, esan nahi du. Beste era batera, erregresio-lerroak azaltzen duen aldagai dependentearen aldakortasunaren zati portzentuala adierazten du. Adibidez, ikasketa-orduen eta lortutako kalifikazioaren arteko erregresio-zuzena eratzen denean, mugatze-koefizienteak ikasketa orduek lortutako kalifikazioaren ehuneko zenbat azaltzen duten adieraziko luke. Mugatze-koefizientea  erregresioan betetzen den erlazio interesgarri batean oinarritzen da; erlazio horren arabera, aldagai azalduaren bariantza totala bi ataletan deskonposatzen da erregresioan: aldagai azalduari buruz aurresandako balioen bariantza (bariantza azaldua) eta hondarren bariantza (azaldu gabeko bariantza). Zehatzago, \hat{y}=a+bx bada erregresio-zuzena (eta beraz, \hat{y}, aurresanak), eta y aldagai dependenteari buruzko datuak, y=\hat{y}+e betetzen da, e hondarrak izanik,  s^2_y=s^2_{\hat{y}}+s^2_e  betetzen da (bariantza totala=bariantza azaldua+azaldu gabeko bariantza). Mugatze-koefizientea bariantza azaldua zati bariantza totala da, eta esan bezala, bariantza totaletik erregresio-lerroak zenbat adierazten du, 0-1 (%0-%100) tartean:

    \[R^2=\cfrac{s^2_\hat{y}}{s^2_y}=1-\cfrac{s^2_e}{s^2_y}\]

Beste hizkuntzetan: ingelesez, coefficient of determination; gaztelaniaz, coeficiente de determinación.

Ikus, gainera

Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Mugatze-koefizientea"; Gizapedian, 30 apirila, 2021, /mugatze-koefizientea/.
390 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.