Marketina (definizioa)


KategoriakEnpresa

Marketinaren definiziora hurbiltzeko bi bide ditugu: alde batetik, marketinaren funtzioak eta jarduerak aipa ditzakegu, zerrenda gisa, era exhaustibo batean; bestaldetik marketinaren filosofiari buruzko hausnarketa egin dezakegu, alegia zein den marketinak enpresan duen azken helburua, marketinaren funtzioa zein ikuspegitik ikusten dugun, marketinak enpresan orientazio globala. Argi dago marketinaren filosofiak argiago azalduko digula marketinak enpresa duen zeregina, eta funtzioen zerrenda egokiagoa izango dela filosofia hori nola garatu behar dugun zehazterakoan. Beraz, marketina enpresaren beste funtzio bat baino, erakunde osoa kondizionatzen duen ideal edo politika globala da.

Marketinaren filosofiak

Historian zehar filosofia desberdinak izan dira marketinari buruz. Azal ditzagun kronologikoki, aurrez ohartaraziz filosofien garapen historikoa estu loturik dagoela ingurune sozial eta ekonomikoarekin:

  • ekoizpenaren filosofia, zeinaren arabera kontsumitzaileek enpresak ekoitzi eta haien eskura jartzen dituen produktuak erosiko dituzten, haien kostua ordaintzeko moduan badaude betiere. Filosofia hori da Henry Ford enpresariak aurrera eraman zuena: "jendeari nahi duen autoa eskaini behar zaio, auto hori Ford-T den bitartean". Konkurrentzia eskaseko ingurune batean garatu zen, XX. mendearen hasieran.
  • produktuaren filosofia, zeinaren arabera kontsumitzaileek kalitatezko produktuak erosiko dituzten. Enpresak kalitatea hobetzera bideratu behar ditu bere ahaleginak, produktu ona berez salduko delakoan.
  • salmenten filosofia, zeinaren arabera marketinaren azken helburua salmentak gehitzea da, salmentak sustatuko dituzten tresna guztiak baliatuz. XX. mendearen erdialdetik aurrera garatu zen, eskaria eskaintza baino txikiagoa zen testuinguru batean.
  • marketin-filosofia edo merkatu-orientazioa, marketinaren helburu nagusitzat merkatua ezagutu eta kontsumitzaileen beharrak asetzea hartzen duena. Konkurrentzia globaleko eta erasokorreko ingurune batean, bezero exijenteekin, garatu zen XX. mendearen bukaera aldera. Behin betiko iraultza da aurreko filosofien aldean, hortik aurrera bezeroaren interesak kontuan hartuko direlako.
  • marketin sozialaren filosofia, kontsumitzaileen beharrak asetzeaz gainera, enpresak gizarte osoaren eskakizunak betetzen saiatu behar dela aldezten duena, bezeroaren beharrak indibidualki nahiz kolektiboki, gizarte moduan, eta epe laburrera nahiz luzera, asetzea helburu duena.
  • erlazio- edo harreman-marketina, bezeroa transakzio baterako bitarteko huts izatetik gurekin erlazio edo harreman etengabearen aldeko orientazioa, bezeroak enpresarekin izango duen harremanak berak enpesari balioa ematen diola baieztatzen duena. Bereziki informazio eta komunikazio teknologiek bideratu duten ikuspegia da, komunikazioa erraztu dutelako.

Marketinaren definizioa

Egun, marketina enpresarentzat eta bezeroarentzat balioa sortu eta harekin harreman sendoak eratzeko plangintza, politika eta kudeaketa-prozesuen multzoa dela esan daiteke.

Ikus, gainera

 

 

467 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.