Lehia, konkurrentzia edo konkurrentzialtasun ekonomikoa merkatu batean enpresa batzuek batera jarduten dutenean gertatzen den egoera da, guztiak mozkinak maximotu edota ahalik eta merkatu-kuota handiena eskuratzeko helburuarekin. Lehian edo…
Lehia perfektua, lehia perfektuko merkatua, konkurrentzia perfektua edo konkurrentzia osoa (ikus, gainera, lehia edo konkurrentzia orokorrean) industria edo sektore batean, enpresa edo saltzaile asko (ikus, atomizazioa), erosle asko, erosketa eta salmenta kopuru txikiekin (eta beraz merkatu-botererik gabe), industriara sartzeko eta irteteko hesirik gabe (sarrera eta irteera hesirik gabe, alegia), produktu bakar eta homogeneo bat, ekoizpen-faktoreen erabateko mugikortasuna, eta informazio guztiz partekatua eta gardena batera gertatzen direnean sortzen den merkatu-egitura da. Merkatu askearen egoera ideala da. Ekonomian maiz erabiltzen den hipotesi teorikoa da, bereziki ekonomia neoklasikoan, nolabaiteko konkurrentzia-egoera ideala delako, analitikoki sinplea, zehatza eta gardena. Errealitatean nekez aurkitzen den arren, lehia perfektuaren merkatu-egiturara hurbiltzen diren merkatuak badaude, hala nola, barazkien merkatu lokalak eta urrearen merkatua mundu mailan. Lehia perfektua aztertzeko beste arrazoi bat lehia perfektukoak ez diren merkatuak dira, beste merkatu-egoera horiek (monopolioa, oligopolioa, lehia monopolista) harekin alderatuta aztertzen baitira, egoera ideal horretatik prezioak eta eskainitako kopuruak zenbat aldentzen diren zehaztuz. Paradoxikoa den arren, lehia perfektuan ez dago enpresen arteko batere lehiarik: produktua homogenoa izanik, desberdindu ezin denez, eta industriako enpresa kopurua oso handia denez, enpresek ez dute prezioa finkatzeko inongo ahalmenik, eta merkatuan ezartzen den prezioa onartu behar dute, prezio horretan nahi adina salduz ordea, faktoreen mugikortasunari esker; horrela, lehia perfektuan enpresak prezio-hartzaileak direla esaten da.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, perfect competition; gazteleraz, competencia perfecta; frantsesez, concurrence pure et parfaite, concurrence parfaite.
Ikus, gainera
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.