Kopuru nominalak eta kopuru errealak


KategoriakEkonomia

Agian balio nominala finantzetan bilatzen ari zara.

Ekonomian, kopuru nominalak, balio nominalak edo magnitude nominalak ere deituak, prezio korronteetan edo une bakoitzeko prezioetan jasotzen diren magnitude ekonomikoak dira, inflazioa barne harturik dutenak. Kopuru errealak, berriz, une jakin bateko prezio konstanteetan jasotzen direnak dira, inflaziorik gabe. Aldi ezberdinetako magnitude ekonomikoak  alderatzeko, kopuru nominalak (hala nola, soldatak, salmentak, ekoizpenak, kontsumoak, ...) kopuru errealetara bihurtzen bihurtu dira, magnitude ekonomiko horiek kopuru fisikoak soilik, prezioen eragina baztertuta, errealki alegia, isla dezaten. Adibidez, urte desberdinetako produktu-multzo baten salmenta nominalek gora egiten duten arren, ezin da baieztatu kopuru fisikoz salmenta horiek gora egin dutenik; horretarako kopuru errealetara aldatu behar dira. Egoera ekonomikoa kopuru nominalei soilik erreparatzeko fenomenoari, inflazioari eta kopuru errealei erreparatu gabe, ilusio monetario deitzen zaio.

Aljebraikoki adierazita, honela kalkulatzen dira kopuru nominalak eta kopuru errealak:

  • kopuru nominalak: \sum_i p_{it}q_{it}
  • kopuru errealak: \sum_i p_{i0}q_{it}

non \ p_{it} eta q_{it} t aldi bakoitzean izandako prezio eta kopuruak diren, i item edo produktu guztietarako, eta \ p_{i0} erreferentziatzat hartzen den oinarri-aldiko prezioak.

Magnitude ekonomiko agregatuen kopuru nominalak kalkulatzeko, adibidez urtero kontsumitutako lehengaien balioak, aski da aldi bakoitzeko prezio korronteak aldi bakoitzeko kopuru fisikoekin biderkatzea, eta kopuru errealak kalkulatzeko oinarri-aldi bateko prezio konstanteak aldi bakoitzeko kopuru fisikoekin biderkatzea, baino magnitude ekonomiko batzuetarako ezin da kalkulu hori egin, adibidez soldaten eta haien eros-ahalemaren kasuan, soldatak kopuru oso batez, dagoeneko agregaturik eta ez haiekin erosi behar diren produktuen arabera, ematen direlako.  Azken kasu hauetarako, deflaktazio izeneko eragiketa garatu behar da, kopuru nominalak inflazio-indize batekin zatituz.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, magnitudes nominales y magnitudes reales.

Ikus, gainera


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Kopuru nominalak eta kopuru errealak"; Gizapedian, 14 abendua, 2016, /kopuru-nominalak-eta-kopuru-errealak/.
464 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.