Hirugarren industria iraultza


KategoriakHistoria

Robotika izan da hirugarren industria-iraultzaren eragile nagusi bat. Irudian, robotak lanean auto-lantegi batean.

Hirugarren industria-iraultza 1970eko hamarkadatik eta XX. mendea bukatu arte garatu ziren aldaketa teknologiko eta produktiboen multzoari eman zaion izena da. Aipatu behar da 1970eko hamarkadan mundua krisialdi ekonomiko larri batean murgildurik zebilela, 1973 petrolio-krisiaren ondorioz, eta XX. mendean zehar garatu zen eredu produktibo fordista ere gainbeheran zegoela. 1970-80 arte industria astuna izan zen gainera ekonomiaren eragile nagusia.

Aldi berean ordea, mikroelektronikak eta informazio eta komunikazio teknologia berriek aukera berri bat zabaldu zuten industria-prozesuak berritu eta produktu eta zerbitzu berriak merkaturatzeko.  Sistema kapitalistak ez zuen aukera galdu eta produktibitatea eta gainbalioa gehitzeko aipaturiko sektoreak jarri zituen abiada bizian, beste sektoreen  gainbeherari buelta emateko, bereziki 1980ko hamarkadatik: ordenagailuak, gailu elektronikoak, sektore aeroespaziala eta robotika. Bioteknologia ere aldi horretan nabarmen garatu den sektorea izanda. Beraz, esan daiteke industria astunetik (siderurgia, zementoa, petrokimika) industria arinerako jauzi bat ekarri zuela hirugarren industria-iraultzak.  Elektronikan oinarritutako teknologia berri horien eskaria nabarmen handitu zen enpresa zein familien artean, eta horien erabilera ekoizpen-prozesuetan automatizazioa areagotu zuen, produktibitatea gehituz. Antolakuntza industrialaren arloan, berriz, sektore askotan kateko ekoizpena ordeztu zuen ekoizpen malgua, serie txikietan alegia, da aipagarri. Petrolio-krisia gainditzeko berriz, energia nuklearra izan zen urte horietan euskarri handiena mendebaldeko herrialdeetan, eta energia berriztagarriak ondoren.

Ikus, gainera

346 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.