Burbuila finantzarioak edo finantza burbuilak, batzuetan burbuila ekonomikoak ere deituak, aktibo edo ondasun baten merkatuko prezioaren hazkunde azkar eta gehiegizkoa da, bere balio intrintseko edo berezkoaren gainetik, inbertsore eta espekulatzaileak erakarri eta prezioa gero eta gorago bultzatzen dutenak, burbuila handitu alegia, likidezia edo dirua berreskuratzeko zailtasunak desorekako egoera sortu, saltzeko beharra ekarri eta azkenean burbuila lehertzera daramana, aktiboa erosi zutenen artean eta haiei kredituak eman zizkietenen artean (bankuak bereziki) galera handiak eta orokorrean ondorio ekonomiko larriak ekarriz. Burbuila ekonomikoen lehertzeak izan ziren 1929ko kraka, puntu com krisia 2000 urtean eta higiezinen burbuila eta lehengaien burbuila 2008 urtera arte, azkenean Atzerakada Handia ekarri zuena; antzina ere izan ziren burbuila ekonomikoak, XVII mendean Herbehereetan izandako tupimania delakoa kasu, tulipanen inguruan, gezurra badirudi ere, tupilan lorea hain ondasun apal eta sinplea izanik.
Burbuila ekonomikoen oinarrizko fenomenoa, merkatuko prezioaren eta balio intrintsekoaren arteko desoreka alegia, hazkunde ekonomiko bizi eta azkarreko aldietan abiarazten da, ondasun gero eta garestiago horiek erosi eta ordaintzeko kredituak eskuratzeko erraztasun handiak direnean, prezioen gorakadak aurrerantzean ere jarraituko duelakoan. Azkenean, ordea, burbuilak lehertu egiten dira, eta hazkunde-aldi azkarraren ondoren, depresio-aldi larria etortzen da beti, euren dirua burbuilako aktibo horietan inbertitu dutenen porrotak eraginda, azkenea aktiboak horiek erosteko eskuratutako kredituak itzuli ezinik sorrarazitako finantza sistemaren krisiaren ondorioz (hortik dator burbuila finantzario izena). Izan ere, kredituak ez itzultzeak bankuek kreditu gehiagorik inori ez ematea ekartzen du, likidezia eza eta finean ekonomia osoaren krisia. Burbuila finantzarioen beste ezaugarri garrantzitsua espekulazioarekin eta portaera taldekoiarekin du zerikusia; hain zuzuen, burbuilak hazten doaz merkatuak, jendeak, igurikimen positiboak dituelako burbuilako ondasunei buruz, hau da, jendearen sinesmen orokorra da prezioek garestitzen jarraituko dutela eta ondorioz prezioaren arrazionaltasunari buruz galdetu gabe, zalantzarik gabe, erosi egin behar dela; halaber, burbuila egoeran, ondasun edukitzeak aberastasunaren hautematea, nork bere burua aberats ikustea, indartu egiten da, mota bereko ondasun gehiago eta hobeak eskuratzera bultzatuz. Finean, burbuilak baliabideen esleipen inefiziente edo desegokia dakar, azkenean merkatuak oreka bilatzeko berezko joeragatik (ustez) zuzendu egiten dena, burbuilaren lehertzearen bitartez, prezioak zuzendu baina aberastasun galera handia dakarrena, maiz merkatuko informazio eskasa duen jende xumearen artean, inbertitzaile handiak eta aberatsak merkaturik erretiratu direnean jada.
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
Zorpetze masiboaZorpetze masiboa eragile ekonomiko ugarik, izan familiak, enpresak edo estatua bera, zorrak hartzen dituztenean gertatzen den fenomenoa, zenbateko handiarekin gainera. Zorpetze global itzel horrek kaudimengabezia-arrisku orokorra dakar zailtasun…
Adreiluaren boomaAdreiluaren booma eraikuntza sektorean gertatzen diren hazkunde handiko garaiak izendatzeko erabili ohi den esamolde metaforikoa da. Garai horietan, etxebizitza eta eraikin berrien (eta ondorioz, baita ere adreiluen) eskari…
FinantzarizazioaEkonomia orotan produktu eta zerbitzuen fluxu fisiko edo ekonomikoa dago, enpresa ekoizleetatik enpresa eta familia erosleetara, eta baita ere finantza-fluxu bat, dirua mugitzen duena, produktu eta zerbitzu horiek…