Internet-en, sare sozialak edo gizarte-sareak erabiltzaileak elkarrekin harremanetan jartzeko aukera ematen duten komunikabideak dira. Teknologia informatikoetan oinarrituak, banakoei zein erakundeei euren profil pertsonala eratu, edukia osatu, eta profila eta igotako edukia beste erabiltzaile batzuekin partekatu eta iruzkintzeko aukera ematen dutenak. Sare sozial horietan elkarrekin loturiko erabiltzaileek osatzen duten taldeari ere sare soziala deitzen zaio. Sare sozialak esanahi bikoitza du, beraz: pertsonak harremanetan jartzeko webgunea eta webgunearen bitartez elkarrekin loturiko pertsona eta erakundeen multzoa. 1997 urtean sortu zen lehen sare soziala, SixDegrees.com izenekoa, profilak egin, lagun zerrendak osatu eta beranduago lagun zerrendetan zehar nabigatzeko aukera ematen zuena.1
Pertsona ezagunekin harremanetan jartzeaz gainera, adiskide berriak egiteko erraztasun handia dago sare sozialetan, "ezagunen ezagunak" eta "lagunen lagunak", pertsona bakoitzaren adiskide taldea alegia, bere adiskide guztien bistara geratzen direlako gehienetan, ezezagunak diren pertsonen arteko harremanak zabalduz, muga jakinik gabe. Profilaren ikusgarritasuna, ordea, aldakorra sare sozial batetik bestera: guztiz publikoa izan daiteke, edo erabiltzailearen sare sozialeko kideentzat soilik eskuragarria. Denetariko sare sozialak daude: profesionalak eta enpresak harremanetan jartzen dituztenak (Linkedin), harreman erromantiko eta sexualetarako (Meetic, Badoo), mezu politiko eta sozialak zabaltzeko (Twitter), zientzialariak harremanetan jartzeko (Researchgate), ...
Sare sozialak XXI. mendeko fenomeno sozial nabarmenena dira, zalantzarik gabe, ondorio sozial, ekonomiko eta politiko handi eta izugarriekin. Izugarriak, sare sozialek partaideek euren jardunean uzten dituzten arrasto eta informazio guztiak arakatu eta merkantilizatu egiten dituztelako, eta politika arloan mezu eta diskurtsoen manipulazioa, hala nola albiste faltsuen bitartez, ohikoa delako haietan. Markus Gabriel alemaniar filosofoak herritarrak sare sozialetan proletario digital bilakatzen direla ohartarazi du, sare sozialetan egiten dugun "lana", informazioa alegia, bereganatuz, eta pertsonengan adikzioa (ikus, hiperkonektibitatea) sorrarazten duten algoritmoak azkartuz eta sendotuz, faltsukerietan oinarritutako emozioak eraginez ("atsegin dut", bisita eta lagun kopuruak) (2).
Ikus, gainera
Erreferentziak
2. Markus Gabriel: “Silicon Valley y las redes sociales son unos grandes criminales”. elpais.com, 2019-05-01.
Loturiko artikuluak
Kontzientziazio eta sentsibilizazio sozialakAgian sentsibilizazio terminoaren adiera psikologikoari buruz bilatzen ari zinen. Kontzientziazio edo kontzientizazio soziala gizartean gai edo arazo sozial jakin bati buruz hausnartzeko prozesua da, kontzientzia hartzekoa alegia, berezkoa…
Konbentzio sozialakKonbentzio sozialak edo gizarte konbentzioak gizartean edo gizatalde batean eta egoera jakin baterako dauden arau inplizituak dira, tazitoki eta orokorrean gizabanakoek onartu egiten dituztenak, ohiturak eta usadioak izateagatik.…
Stories edo istorioak (sare sozialak)Sare sozialetan, story edo istorioa erabiltzaile batek bere jarratzaileentzat argitaratzen duen bideo laburra da, eta aldi baterako eskuragarri dagoena, gehienetan 24 ordutarako. 2010eko hamarkadaren erdialdean plazaratutako argitarapen-formatoa izan…