Prospektiba (antizipazio estrategikoa)


KategoriakSoziologia

Prospektiba (ingelesez, foresight), batzuetan etorkizuneko ikerketa (ingelesez, future studies) edo antizipazio estrategikoa (strategic foresight) ere deitua,  epe luzera zientzian, teknologian, ekonomian eta gizartean izango diren aldaketak eta bilakaerak modu sistematikoan aurreikusi eta aztertu egiten dituen prozesuen multzoa da. Bere planteamendua estrategikoa da, eta beraz aurretik desiragarriak diren xede eta helburuak jartzen ditu mahai gainean, eta haiek betetze aldera beharrezkoak diren erabakiak aztertu; hartara, ez da aurreikuspen hutsa. Beste alde batetik, ez da erakunde bakar bateko ekimena; prospektibak arlo batean diharduten eragile eta interes-talde guztiak bildu beharko lituzke, haien asmoak, helburuak eta analisiak kontuan hartzeko. Azkenik, nabarmendu behar da teknika baino, prospektiba arte gisa garatu beharko litzatekeela, sormena, pentsamendu sortzailea, eta ekimena baitira horren oinarrietako batzuk.

Bereziki ziurgabetasun handiko inguruneetan garatu beharreko jarduera da; eta hartara, pronostiko edo aurresan finkoetatik haratago, antizipazio estrategikoak egoera posible guztiak barnehartu, eszenatoki edo aukera guztiak zabaldu eta haien ondorioak aztertzen ditu, eta estrategiak haietara moldatu.

Prospektibaren historia 1940 eta 1950eko hamarkadetan abiatzen da, enpresek teknologiaren garapenaren inguruko erabakiak hartzeko, plangintza estrategikoa eta beste tresna batzuk baliatuz. 1960ko hamarkadan ikuspegi hori erakunde publikoetara zabaldu zuen. Hortik aurrera, Gaston Berger eta Bertrand de Jouvenel frantses ikerlariak eta Johan Galtung norvegiarra izan ziren prospektiba modu sistematikoan garatu zutenak; haien ikerketak, ordea, ezkorrak ziren guztiz etorkizunari buruz eta garapen teknologikoa kritikatzen zuten. Prospektiba zabaltzen jarraitu zuen, ordea, ikuspegi ezkor horiek baztertuz, eta aipatzeko modukoa da Japonian izan zuen arrakasta, 1970eko hamarkadan, garaiko garapen teknologiaren haritik. 1

Ikus, gainera

Erreferentziak

1.
Introduction to foresight and foresight processes in practice. Technical University of denmark. http://orbit.dtu.dk/files/96941116/Introduction_to_foresight.pdf.
364 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.