Nazionalismo zentral eta nazionalismo periferikoak espainiar estatuko nazionalismoak sailkatzeko ezartzen den kategorizazioa da. Bereizketa hori dialektikoa da guztiz, nazionalismo zentrala nazionalismo periferikoen aurka definitu eta garatu egiten baita. Nazionalismo zentrala espainiar nazionalismoa da, Madrilgo botere zentraletik garatu egiten dena, eta nazionalismo periferikotzat hartzen dira euskal abertzaletasuna, katalanismoa eta galiziar nazionalismoa.
Dialektika eta gatazka horren sustraiak historikoak dira. Beste herrialde batzuetan zentralismoa burgesia liberal indartsu baten eskutik garatu den bitartean, Espainian burgesia liberalak sektore kontserbadoreekin, hala nola tokian tokiko latifundistekin, militarrekin eta elizgizonekin, harreman estuak izan zituen; aldi berean, Espainiako modernizazioa (eskola sistema nazional baten garapena, garraioen zabalkuntza) ez zen oso sendoa izan. Arrazoi horiengatik guztiengatik, estatu zentrala lokalismo nabarmen batean murgilduta garatu zen. Hori islatu zen espainiar estatuaren konfigurazioan probintzietan oinarrituta, eta beraz identitate historiko eta kulturalak baztertuz. Erreakzioa berehalakoa izan zen: XIX. bukaerarako katalanismoa eta euskal abertzaletasuna identitate politiko sendoak ziren, eta espainiar nazionalismoarekin kontrakarrean definitu ziren. Batzuen arabera, burgesia handiak estatu zentralaren alde egin zuen bitartean, nazionalismo periferikoak burgesia txikiak sustatu zituen.
Loturiko artikuluak
Eurokrazia eta eurokratakEurokrazia Europar Batasuneko politikari eta funtzionariek, eurokratek alegia, euren eskumenen bitartez lortzen duten botere instituzionala da, nazioko politiken gainetik. Bereziki adiera gaitzesgarrian erabiltzen da, eurokratek osatzen duten burokraziari…
-
Nazionalismo hutsalaNazionalismo hutsala herrialde batean zabaltzen den ideologia nazionalista iraunkorra baina aldi berean lausoa eta ezkutua, egunerokoan txertatzen dena nazioa zuzenean eta esplizituki goraipatu gabe. Kirol lorpen eta arrakasta…