Konpetentzia bidezko hezkuntza bereziki XX. mendearen bukaeratik garatutako hezkuntza-metodologia eta paradigma bat da, hezkuntzaren helburuak finkatu, kurrikuluak garatu eta ebaluazioa diseinatze aldera. Konpetentziekin hezkuntzaren helburua informazioaren transmisio hutsa ez, baizik eta ikaslearen eskema mentalak garatzen laguntzea dela aldezten da, ikaslea zuzenean inplikatuz bere ikaskuntza prozesuan, bere bizitzan eta lanbidean garrantzitsuak izango diren edukiak esperimentatuz, hausnartuz, baliatuz eta praktikan jarriz eta komunikatuz. Horrela, konpetentzien ikuspuntua Jean Piaget-en konstruktibismoarekin lotzen da zuzenean.
Definizio bat ematearren, hezkuntza-konpetentziak pertsona batek bere ezagutzak, trebeziak eta jarrerak era bateratuan baliatzeko ahalmen egokia da, egoera berrietara moldatuz, eta besteekiko bizikidetzan. Europako hezkuntza-sisteman, konpetentzien metodologia XX. mendearen bukaeran garatu zen, eta geroztik hezkuntza erronkatzat hartu da, gizartearen eta sistema ekonomikoaren erronka berriei moldatzeko asmoarekin, lehiakortasuna eta ekintzailetza bultzatzearren.1 Kontzeptu horretatik, konpetentziek honako ardatz nagusi hauek dituztela ezarri zen metodologiaren garapenaren hasieratik: izaten ikasi, jakiten ikasi, egiten ikasi eta elkarrekin bizitzen ikasi. Hortik aurrera, metodologia landu, eta oinarrizko konpetentzia horietatik, jakintza arlo edo disziplina bakoitzean konpetentzia espezifikoak xehetasunez diseinatzera heldu da, kurrikulu osoa baldintzatuz.2
Europar Batasuneko hezkuntza-sisteman finkatu diren oinarrizko konpetentziak honako hauek dira:
- Amaren hizkuntzari buruzko konpetentzia.
- Atzerriko hizkuntzei buruzko konpetentzia.
- Konpetentzia matematikoa eta zientzia eta teknologiarekin loturiko konpetentzia.
- Konpetentzia digitala.
- Ikasten ikasteko konpetentzia.
- Elkarbizitzarako konpetentzia.
- Ekimenerako konpetentzia.
- Kontzientzia eta adierazpen kulturala.
Ikus, gainera
Erreferentziak
1.
Rodríguez Laguía FJ. Las Competencias Básicas y La Programación Didáctica. Centro de Profesores de Cuenca; 2010.
Loturiko artikuluak
Kurrikulua (definizioa)Hezkuntzan, kurrikulua edo curriculuma irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan landu beharreko helburuak, konpetentziak, edukien multzoa, horien programazioa, irakaskuntzarako gidalerroak eta azkenik ebaluazioak ezarri eta jasotzen dituen agiri orokor eta nagusia da, maila…
Diziplinartekotasuna hezkuntzanHezkuntzan, diziplinartekotasuna (batzuetan, gaizki bada ere, disziplinartekotasuna ere deitua) irakasgai edo kurrikulumeko diziplina edo jakintza-arlo batzuetan batera landu daitezkeen eduki, gai edo jardueren ezaugarria da, gai horiek arlo horietako…
Zeharkakotasuna hezkuntzan (zeharkako gaiak)Hezkuntzan, zeharkakotasuna edo transbertsalitatea kurrikulumeko arlo eta irakasgai guztiak eragin behar dituzten edukien ezaugarria da, zeharkako gai edo gai transbertsal deitzen diren horiena. Orokorrean, bakea, berdintasuna, bizikidetza, lankidetza…