Kazikeak eta kazikismoa


KategoriakPolitika
Kazikismoa edo jauntxokeria sistema politiko bat da, itxuraz demokratikoa, baina finean tokiko oligarkia batek, kazikeek alegia, herritarrengan garatzen duen manipulazio ideologikoan eta mendekotasun ekonomiko eta politikoan oinarritzen dena, betiere estatuko edo goi mailako elite baten alde, oligarkiak elite zentralarekin duen elkar laguntzarako klientelismo harremanaren bitartez.
Kazikeak (cakchiqueles hitzetik) Ertamerika eta Karibeko tribu indigenetako buruzagiak ziren jatorrian. Hedaduraz, XIX. mendetik tokiko oligarkia izendatzeko erabiltzen da; hain zuzen ere, aberats eta boteretsua izanik eta jende xehea bere mendean edukirik, herri txiki edo ertain bateko politikan eragin edo botere handia duen eta beraz bere mesedetara, ideologia politikoari erreparatu gabe, arlo politiko eta ekonomikoko afera guztiak antolatzen dituen agintari politikoa da kazikea, herriko jauntxoa edo,  klientelismo edo bezero-sareen bidez edo besterik gabe bere borondatea isilpeko mehatxuen bitartez inposatuz nagusikeria politikoa garatzen duena. Are eta zabalago, kazikea edozein erakundetan boterea modu absolutista, interesatu eta pertsonalista batean baliatzen duen kargu edo buruzagia da. Labur esanda, kazikismoa tokiko politika bere nagusikeriaz baliatuta guztiz kazikeek, oligarkia gisa, kontrolatzen duten sistema politikoa da, herri xehearen dominazioa edo mendetasuna baliatuz.

Kazikismoa eta horren praxis politikoak, maiz ustelkeriarekin  loturik, ohikoak izan ziren Espainian XIX-XX mendeetan. Errestaurazio borboitarrean, 1874tik 1931ra bitartean, kazikismoa, tokiko agintari  politiko eta erlijiosoek (alkatea, apaiza, epailea, maisua eta guardia zibila) eta oligarkiak (terratenienteak) zuzendua, Espaniako politikaren oinarrizko elementua zen, tokiko botere politikoaren monopolioa haien eskuetan jartzen zuena, nazioko alderdi politiko liberal zein kontserbadoreek inplizituki onartua, beraien artean botere politikoa banatzen laguntzen zuten neurrian (ikus, turnismoa). Horretarako, enkasillatua nahiz putxerazoa garatzen zituzten hauteskundeetan, botoak erosiz edo zuzenean manipulatuz, emaitzak haien mesedetara izateko. Nazio mailako hauteskundeetan, alderdi nagusientzako boto faltsu horien trukean,  kazikeek tokian tokiko botere politikoa eta ekonomikoa atxikitzeko gobernuaren sostengu erabatekoa lortzen zuten gobernu zentralaren aldetik.

384 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.