Jarduera ekonomikoak


KategoriakEkonomia

Jarduera ekonomikoak edo ekonomia jarduerak (ekonomi jarduerak) ekoizpen faktoreak erabiliz eta aparatu produktibo baten baitan konbinaturik, ondasunak eta zerbitzuak ekoitzi egiten diren ekintza eta prozesuen multzoa da.

Zentzu zabalagoan, ekoizpenaz gainera, jarduera ekonomikoetan arlo hauek ere bereizten dira:

  • ekoizpena, non enpresek zer eta zenbat ekoitzi behar duten erabaki behar duten;
  • kontsumoa, non familiek eta banakoek zer kontsumitu behar duten erabaki behar duten;
  • banakuntza, ekoizpena eta kontsumoa lotzen dituen jarduera, ezinbestekoa prozesu ekonomikoa burutzeko.

Adibidez, jarduera ekonomikoak dira oiloen hazkuntza (arrautzak eman ditzaten), ordenagailuen muntaketa, osasun arloko ikerkuntza (ezagutza ekoizten da horrela, azkenean botika berria ekoiztera eramango duena) eta publizitatea egitea (salmentak sustatuz, ekoizpena ere sustatzen da). Orokorrean ez dira jarduera ekonomikotzat hartzen zaletasunagatik burutzen diren jarduerak, baina bai horien inguruan truke ekonomikoak (adibidez, diskoen bilduma egitea ez da jarduera ekonomikoa, baina bai beste pertsona bati disko bat erostea bilduma handitzeko). Eztabaida dago, ordea, norberak egiten dituen etxeko lanak (garbiketa, adibidez) edo boluntariotzako lanak  jarduera ekonomikoak diren.

Jarduera ekonomikoak sektore produktiboetan sailkatzen dira: lehenengo sektorean, nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta arrantza biltzen dira; bigarren sektorean, industria jarduerak, eraikuntza eta jarduera estraktiboak (meatzaritza); hirugarren sektorean, zerbitzuak; eta laugarren sektorean, azkenik, informazioarekin eta ezagutzarekin loturiko jarduerak.

Ohartu behar da,  baliabide eskasak direnez, aukera-kostu bat sortzen da enpresek ekoitzi eta familiek kontsumitzeko erabakia hartzen dutenean. Baliabide eskasen existentzia eta ondorizko aukera-kostua da beraz jarduera ekonomikoen ezaugarri nagusia. Enpresek zerbait ekoiztean, beste zerbait ekoizteari uko egin behar diote, eta familiek zerbait erostean, euren aurrekontua gutxitu eta beste produktuak kontsumitzeari utzi behar diote.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, actividades económicas. 

Ikus, gainera

 

 

353 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.