Enpresa subsidiarioak enpresa nagusi baten kontrolpean dauden enpresak dira, haietan dituen kapital-partaidetzen bitartez, baina autonomia eta independentzia dutenak kudeaketa mailan, enpresa filialetan ez bezala.
Egoera-balantzea edo balantza-orria une jakin batean enpresa baten ondarearen egoera edo osaera azaltzen duen kontabilitate-agiria da, alderdi ekonomikotik nahiz finantzariotik, aktibo eta pasiboko elementuak eta ondare garbia zehazten dituena. Labur esanda, aktiboan enpresak daukana biltzen da, pasiboan zor duena edo aktiboa finantzatzeko erabili den kanpo finantzazioa eta ondare garbian enpresaren baliabide finantzario propioak (kapitala, erreserbak eta ekitaldiko emaitza). Atal edo ondare-masa nagusi horiek azpimasa eta kontuetan banatzen dira gero, aktibo eta pasiboko elementuak zehatzago sailkatuz; adibidez, aktiboaren baitan aktibo korrontea edo epe laburrekoa eta aktibo ez-korrontea edo epe luzekoa bereizten dira.
Egoera-balantzearen baitan, ondare garbia eta pasiboa aktiboa finantzatzeko erabiltzen da, eta beraz baliokidetasun hau betetzen da beti:
AKTIBOA=PASIBOA+ONDARE GARBIA
Hala ere, beti betetzen den berdintza honen barruan, desorekak gerta daitezke ondare-masen artean, hala nola epe luzeko aktiboa epe laburreko zorrekin finantzatzen denean, edota epe laburreko zorrak ordaintzeko diru iturririk ez dagoenean. Horrexegatik da garrantzitsua aktibo eta pasiboko azpimasak zehaztu eta konparatzea, enpresaren egoera ekonomiko eta finantzarioa ezagutzeko (ikus, analisi ekonomiko-finantzarioa). Dena den, egoera-balantzeak agiri estatikoa da, une jakin bateko egoera azaltzen baitu, gehienetan ekitaldi ekonomikoaren hasieran eta bukaeran, bitartean izandako fluxu eta aldaketen berri eman gabe. Horregatik behar-beharrezkoa da enpresaren egoera ekonomiko eta finantzarioa zehatz-mehatz ezagutzeko, balantza-orriaren azterketa beste orri edo agiri batzuekin osatzea.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, balance-sheet; gaztelaniaz, balance de situación.
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.