Gizakiaren sinesmen, erabaki, ekintza eta jokabideak arrazionalak zein irrazionalak izan daitezke. Arrazionalak edo arrazoizkoak direla esango dugu, haiek adimena baliatuz eta arrazoia erabiliz sortu, garatu eta gauzatu direnean, eta horiek jendartean orokorrean onartzen direnean (beraz, arrazionalak ez dago loturik soilik arrazionaltasunarekin, eta intersubjektibitateari ere lotu behar zaio); aitzitik, adimena baliatu gabe eta arrazoitik at, haiek irrazionalak direla esaten da. Gizakiak beraz arrazionalki zein irrazionalki jokatzen du, eta beraz ez da zuzena esatea gizakia animalia arrazionala dela, irrazionaltasuna ere berezko ezaugarria duelako. Adibidez, bihar ikasle batek azterketa egin behar duela, lagunekin parranda egitea irrazionala litzateke; eta zerua beltz-beltza dagoela, euria egin behar duela baieztatzea, arrazionala. Gutako bakoitzak badu arrazionaltasunaren ideia bat, baina galdeturik zer den arrazionaltasuna, zein den zerbait arrazionala izateko irizpide nagusia, gehienok ezin genuke erantzun argi eta sinplea eman, arrazionaltasuna ideia konplexua delako.
Arrazionaltasuna eta irrazionaltasuna pertsonen jokaera, erabaki, iritzi eta sinesmenei buruzko kualitateak dira, haiek balioesteko edo ezeztatzeko erabiltzen dira. Arrazionala eta irrazionala izateko modu eta maila ezberdinak bereizten dira ordea, askotan gauzak ez baitira guztiz arrazional edo irrazionalak.
Beste alde batetik, arrazionaltasuna teorikoa zein praktikoa (edo instrumentala) ere izan daiteke. Arrazionaltasun teorikoan sinesmenak dira arrazionalak (edo irrazionalak); adibidez, euria egin behar duela sinestea edo aurreikustea, irrazionala izan daiteke, zerua oskarbi badago adibidez. Arrazionaltasun instrumentalean helburu batzuen alde jokatzen da; adibidez, euria ari badu, aterkia eraman behar da; hau da, pragmatismotik eratutako arrazionaltasuna da1,. Bi arrazionaltasun motak loturik daude ordea, arrazionaltasun (irrazionaltasun) teorikoak arrazionaltasun (irrazionaltasun) instrumentala ekartzen baitu orokorrean (ez beti, euria egin behar duela jakinda, aterkia eramaten ez dudanean, adibidez). Arrazionaltasun instrumentala ekonomian erabiltzen da bereziki, eragile ekonomikoak euren interesen arabera, euren utilitatea maximotuz zehatzago, jokatzen dutenean esaten baita arrazionalak direla.
Arrazionaltasuna metodo zientifikoarekin ere lotzen da, zientzia arrazoitik sortzen denez. Horrela, arrazoirik gabeko sinesmenak, sinesmen irrazionalak alegia, ebidentzian eta esperientzian oinarritzen ez diren haiek dira; eta zuzenak ebidentzian oinarritzen direnak (ikus, baita ere, ebidentzialismoa). Baina askotan sinesmenak eta ideiak eratzen ditugu haietarako oinarri finkorik gabe. Zergatik? Badakigula sinetsita, sinesmen eta ideia horiekin alegia, seguruago, erosoago, zoriontsuago sentitzen garelako, baina ez da justifikazioa sinesmen eta ideia irrazionalak onartzeko. Argudiatu liteke, ordea, ondorio praktiko arinak dakartzaten ideiak izan ditzakegula, horrek zoriontsu egiten bagaitu, baina ez dezagun ahaztu ditugun ideia guztiak loturik egoten direla, eta ideia oker batek beste ideia asko kutsa ditzakeela.2 3
Ikus, gainera
Erreferentziak
1.
Jesus Mosterín: El concepto de racionalidad (Dialnet-en eskuragarria).
Loturiko artikuluak
Arrazionaltasun mugatuaArrazionaltasun mugatua indibiduoen portaera ekonomiko errealari buruzko ikuspuntu alternatiboa da, homo economicus figura ukatzen duena, alegia ekonomia neoklasikoak agente ekonomikoek mozkina maximotzeko helburuaren alde erabateko arrazionaltasunez eta orokorrean…
ZientziaZientzia errealitateko fenomenoen ezagutzarako jarduera (ikerketa zientifikoa, alegia) eta horren emaitza (ezagutza zientifikoa) da, fenomeno horien legeak, kausak eta ondorioak, hatzeman, garatu eta aztertzen dituena, betiere lege horiek…
PragmatismoaPragmatismoa XIX. mendearen bukaeran abiarazitako mugimendu filosofikoa da, kontzeptuak eta horien baliagarritasuna aztertzeko horiek gizakiarentzat dituzten ondorioei erreparatu behar zaiela baieztatzen duena. Pragmatismoa filosofia aktiboa da, eta bereziki…