Seiurteko Absolutista, 1814tik 1820ra, Fernando VII.ak, 1808tik Napoleonek erregetzatik kendua eta Frantzian bahitua, Espainiako Independentzia Gerra bukatu eta Espainiara itzuli eta gutxira antolatu zuen estatu-kolpearen ondorioz abiarazi zuen…

Espainiako historian, Seiurteko Demokratikoa edo Seiurteko Iraultzailea 1868ko iraileko Iraultza Loriatsutik Borboien Berrezarkuntzara bitarteko aldia, 1874ko abenduan.
Seiurteko Demokratikoa krisi ekonomiko eta politiko larri baten ondorioz piztutako 1868ko Iraultzaren ondoren etorri zen. Iraultzaren aurretik, Isable II. a erregina zelarik, trenbide-konpainien gehiegizko zorpetzearen ondorioz hainbat bankuk porrot egin zuten, industria-krisi garrantzitsua ere gertatu zen, batez ere ehungintzari eragin ziona, inportatutako kotoiaren prezioaren igoeraren eta eskari baxuaren ondorioz. Krisi horiek, gainera, nekazaritza-krisiarekin eta gobernua zergak igotzera behartu zuen krisi fiskalarekin batera gertatu ziren. Politikan, ustelkeria zen nagusi. Testuinguru horretan sinatu zuten Ostendeko Ituna indar politiko nagusiek Isabel II.aren aurka, eta, azkenean, 1868ko iraileko altxamendu militar eta herrikoia ekarri zuen, La Gloriosa (Loriatsua) izenekoa. Isabel II.ari leial zitzaizkion tropak Alcoleako batailan garaituak izan ziren, eta, horren ondorioz, Isabel II.ak Frantzian erbesteratu behar izan zuen. Seiurteko Demokratikoaren hasiera zen, eta horren barruan ondo bereizitako hiru (edo lau) etapa bereizi ziren:
(i) behin behineko gobernua, 1868 eta 1871 bitartean, non Serranok, alderdi unionistakoa, gobernuaren agintea hartu zuen. Garai hartan ezarri zen lehen aldiz gizonezkoen sufragio unibertsala. 1869ko Konstituzio berria egin eta onartu zen, eta eskubide zibilak onartu zituzten, hala nola elkartzeko eta prentsa egiteko askatasuna eta esklabotzaren abolizioa. Azken neurri horrek eragina zuen oraindik Espainiak zituen kolonietan. Urte horietan, errepublikanismoa, korronte politiko antimonarkiko, demokratiko eta laiko gisa, indarra hartzen joan zen, baina, hala ere, monarkiaren aldeko alderdiek irabazi zuten hauteskundeetan. Serrano jeneralak bere gain hartu zuen erregeordetza 1869an, baina errege berri bat bilatu zen, Borboien dinastiatik at zegoena, eta Amadeo Savoiakoa aukeratu zuten Gorteetan 1871n, Amadeo I.a bezala gobernatu zuena.
(ii) Amadeo I.aren erregealdia 1871ko urtarriletik 1973ko otsailera bitartean garatu zen, monarkia parlamentarioaren sistemaren pean Espainiako historian lehen aldiz. Bere erregealdia giro politiko tentsionatu batean izan zen. Izan ere, Amadeo I.aren erregealdia liberalen liderra zen Prim jeneralaren heriotzarekin inauguratu zen atentatu batean. Errepublikanoek, goraka ari zirelarik, ez zuten errege berria onartu. Gainera, 1872an Hirugarren Karlistaldia hasi zen. Egoera horrekin, Amadeo I.ak azkenean 1873ko otsailean abdikatu zuen, eta, ondoren, Espainiako Lehen Errepublika sortu zen.
(iii) Espainiako Lehen Errepublikak, 1873-1874 bitartean, ondo bereizitako bi fase izan zituen. Lehen fasean, Errepublika Federala deiturikoan, 1874ko urtarrila arte, hauteskundeak deitu ziren, non errepublikanoek gehiengo handia lortu zuten, baina guztiz banatuta beraien artean. Izan ere, errepublikarren fakzio batek, intrantsigente deiturikoek, kantonamenduen matxinada bultzatu zuten (ikus, gainera, kantonalismoa), militarki zapaldu behar izan zutena. 1874ko urtarrilean, matxinada garaituta, Castelar-en eskuineko gobernu errepublikanoaren aurkako zentsura-mozio bat garatu ondoren, zeina galdu egin baitzen, eta gobernu errepublikar federal berri baten alde bozkatzen ari zirelarik, Pavia jeneralak Kongresuan sartzeko agindua eman zuen estatu-kolpe bat emateko. Kolpea arrakastaz amaitu zen eta ondorioz Serrano jenerala izendatu zuten berriro gobernuburu, errepublikano federalak baztertuz kontzentrazio-gobernua osatu zuena. Horrela, Errepublika Bateratua deiturikoari bide eman zitzaion, Errepublikaren bigarren fase gisa, 1974. urte osoan zehar. Karlistekin izandako gerra-giroan, Serranok gobernua utzi eta operazio militarrei ekin behar izan zien. Canovas del Castillo, alfontsotarra, protagonismoa hartzen joan zen bitartean, eta aukera politikotzat ikusi zuen borboitarren monarkia berrezartzea Alfontso XII .aren irudian, Isabel II .aren semea, liberal konbentzituarekin aurkeztuz. Berak bultzatu ez bazuen ere, Martinez Campos jeneralak protagonizatutako erabaki militar batek Errepublika zapuztu zuen eta Borboien Berrezarkuntza bide eman zion 1874ko abenduan. Horrela amaitu zen Seiurteko Demokratikoa.
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.