Plazeboa


KategoriakEstatistika

Plazeboa printzipioz printzipioz gaixotasun bat eta horren sintomak sendatu edo arintzeko ahalmenik ez duen substantzia edo prozedura da; adibidez, azukre hutsarekin egindako pilula da edo min kroniko bat sendatzeko egindako edonolako masajea. Plazeboaren substantziari edo prozedurari berari baino, plazeboa hartzeagatik soilik, maila psikologikoan azal daitezken arrazoiengatik, nabaritzen den hobekuntzari plazebo efektu deitzen zaio. Hala, plazebo efektua substantzia edo tratamendu baten ustezko eragin positiboaren aurkako argudio gisa erabili ohi da, eragin positibo hori plazeboak hartzean gaixoak sentitu dezakeen baikortasun edo itxaropen-sentimenduak eragindakoa delakoan. Adibidez, bizkarreko min kroniko bat arintzeko edozein pertsonak ematen duen masajeak lekarkeen hobekuntza plazebo-efektuaren ondorioa litzateke, masajeak ekar dezakeen atsegin-sentsazioa eragindakoa, eta berdin-berdin xuku goxo bat hartuz lor litekeena, ez baitago frogatuta edonolako masajeak mina arintzen duenik. Dena den, eztabaidatsua da plazebo-efektua benetan existitzen denik: egoera eta ikerketa batzuetan, plazeboa eragingarria izan dela jaso da (eta beraz, plazebo-efektua jaso egin da), baina beste batzuetan ez. Plazebo-efektuaren aurkakoa da nozebo-efektua da, eraginik ez duen subtantzia edo prozedura batek gaixoaren egoera okerrera egitea eragiten duenean.

Ikerketa zientifikoetan ohikoa da saiakuntza itsuak egitea, hau da, tratamendua jasotzen ez duten taldekideei (kontrol-taldeari alegia, esperimentu- edo tratamendu-taldea izanik tratamendua jasotzen duena) itxurazko tratamendua ematea, plazeboa alegia, ustezko plazebo-efektua deuseztartu nahiz ikerketan parte hartu eta tratamendua hartzeak berak sorrarazten dezakeen pentsamendu positiboak ekar dezakeen hobekuntza (Hawthorne efektua) kontrolatzeko. Adibidez, gaixotasun baten aurkako botika berri batekin egindako saiakuntzetan, botika berria hartu dutenen artean hobekuntza-portzentajea %60 bada, eta plazeboa jaso dutenen artean %20, botika berriaren eraginkortasuna %40 litzateke eta %20 plazebo-efektuari dagokiona. Plazeboak saiakuntza itsuetan erabiltzeko beste arrazoi bat esperimentatzaileak izan dezakeen alborapena deuseztea da, tratamendua jaso duten taldekideen hobekuntza gainbalioesten duenean; hain zuzen, plazeboaz bermatzen da esperimentzailea itsu egotea, ez jakitea zein ari den tratamendua jasotzen eta zein ez, eta horrela nolabait neutralki jokatzea.

Saiakuntza klinikoetatik at, ordea, zalantzazkoa da plazeboaren erabilera etikoa den. Osasunaren profesional batek substantzia bat sendagarria dela adierazi behar al lioke gaixo bati, jakinda ez duela inongo eraginik, plazebo-efektuaren onuragarritasuna eskuratze aldera? 1960ko hamarkadara arte plazeboen preskripzioa ohikoa zen arren, egungo iritzi orokorraren arabera gaixoa ematen zaiona plazeboa den ala ez, eta zenbateraino, ohartarazita egon behar da.

Etimologia

Plazebo hitzak (latinezko placebo hitzetik) latinera egindako Bibliaren pasarte baten itzulpen oker batean du jatorri. Itzulpen zuzenaren ordez, "placebo" ("atsegina emango diot", Jainkoari alegia)  jarri zen. Erdi Aroan, itzulpen okerra nagusitu zen, hileta-kantuetan bereziki, eta horrela "placebo" hitza ordezkapen onartuaren adiera hartzen joan zen. Hain zuzen, plazeboa horrela ere definitu daiteke: gaixoa sendatu baino, hari atsegina emateko botika.

Ikus, gainera

 

488 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.