Eremu periurbanoak eta periurbanizazioa


KategoriakGeografia

Seseña, Toledoko probintziako herriko urbanizazioa, Madrilgo hiriak eragiten duen periurbanizazioaren adibide garbi bat.

Eremu periurbanoa (antzinako grezierazko peri- aurrizkiarekin, "inguruan" adierazten duena) landa-eremuaren zein hiriaren ezaugarriak bateratzen dituen eremua da, demografikoki, ekonomikoki eta urbanistikoki. Landa-hiri espazioa ere deitzen zaio. Eremu lausoa da, kategoria garbirik ez duena, guztiz hiria eta guztiz landa ez dena, bien elementu eta ezaugarriak biltzen dituena, maiz identitaterik gabeko espazio tribiala,  etxebizitzak, lantegiak eta abar modu itxuragabean biltzen dituena han eta hemen, zerbitzu publiko eskasekin.  Demografikoki, eremu periurbanoan bizi diren gehienek hirigunean lan egiten dute, egunero joan eta etorriko mugimendu pendularra eginez, hiriguneko etxebizitza kostua kostua ezin bereganaturik maiz. Batzuetan, hiritarren bigarren etxebizitzak eta aisialdirako guneak biltzen dituen espazioa. Nolanahi ere, eremu periurbanoa aldiria, periferia edo eremu suburbanoa baino eremu urrunagoa, zabalagoa eta sakabanatuagoa da. Horrela, hirian barrutik kanpora bereiz daitezkeen eremu geografikoetatik (hirigunea, zabalgunea, aldiria, metropolialdea, eremu periurbanoa), eremu periurbanoa kanpokoena eta zabalena litzateke.

Eremu periurbanoak basamortu sozialak dira, besterik gabe hiriaren logela moduko luzapen bat, inguruarekin sustraitu eta lotu gabeko jarduerak jasotzen dituena han eta hemen, merkataritza-gune isolatuak, biltegiak, gasolindegiak, hiritik kanporatutako jarduerak sarri. Hala ere, eremu dinamikoak dira, hazkunderako aukerak eskaintzen dituztenak, maiz orubeen inguruko espekulazioarekin eta eraikuntzan zentraturik bada ere. Eremu periurbanoen ezaugarri horiek guztien multzoari eta horien garapenari periurbanizazioa deitzen zaio.

Aldiri edo eremu azpiurbanoa baino eremu askoz zabalagoa izaten da, batzuetan 100 kmtara ere zabaltzen dena hiri handietan, eta areago kasu batzuetan. Egia esan, hiriak zabaltzeko modu berri samarra da, 1960ko hamarkadatik aurrera abiatu zena, eta garraio-azpiegituren garapenarekin loturik dago guztiz. Herrialde batzuetan definizio zehatzak eman dira, hirien plangintza eta kudeaketarako araudien baitan. Frantzian adibidez, eremu periurbanoaren irizpide estatistikoa betetzeko  herritarren %40ek gutzienez hirira edo aldirietara lanerako joan-etorria egin behar dute egunean.

Ikus, gainera

409 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.