Nazioarteko Diru Funtsa munduko herrialde gehienak biltzen dituen finantza erakundea da. 1944 urtean sortu zen, Ameriketako Estatu Batuen lidergopean, munduko ekonomiaren egonkortasuna eta oreka bermatu asmoz, arazo ekonomikoak dituzten herrialdeak laguntzeko. Sorrera-data esanguratsua da, Bretton Woods-eko bileren inguruan, Bigarren Mundu Gerraren bukaeran hain zuzen, Ameriketako Estatu Batuak garaile zirelarik. Hain zuzen, urte batzuk lehenago Depresio Handia izeneko krisialdi ekonomikoak gogor kolpatu zituen herrialde aurreratuak, eta horrelako egoerak saihestu aldera, egonkortasun ekonomikoa bermatuko lukeen erakunde baten beharra ikusi zen. Hasiera batean, helburu nagusia herrialde desberdinetako dibisen arteko truke tasak egonkortzea zuen helburu, eta horretarako ordainketa balantza oso desorekatua zuten herrialdeentzako diru-funtsak bideratu eta ordainketa-balantzak eta truke tasak zuzentzeko bestelako mekanismo automatikoak gauzatzea zen bere zeregin nagusia, nazioarteko merkataritza bultzatu eta protekzionismoa saihestearren. 1960ko hamarkadetan, nazioarteko merkataritzak garapen itzela izan zuenean, urre eta dolar erreserbak merkataritza finantzatzeko nahikoa izan ez, urre patroia bertan behera geratu, eta orduan mailegatzaile hutsaren rola hartu zuen eta gaur egun horrela jarraitzen du, herrialde batek bere nazioarteko zorrak ordaindu ezin dituen kasuetarako. Zeregin horren puntu eztabaidatsua Nazioarteko Diru Funtsak mailegu horiek emateko ezartzen dituen baldintza gogorrak dira, kondizionaltasun edo kondizionalitatea deitzen dena, maiz murrizketa latzak exijituz. De facto, Estatu Batuek kontrolatzen duten erakundea da, beto eskubidea baitu.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, International Monetary Fund (IMF) ; gaztelaniaz, Fondo Monetario Internacional (FMI).
Loturiko artikuluak
Ordainketa-balantzaOrdainketa-balantza herrialde bateko erakunde ekonomikoek (kontsumitzaileek, enpresek eta gobernuak) munduko beste herrialdeetako erakunde ekonomikoekin egiten dituzten finantza- eta merkataritza-trukeak adierazten dituen kontabilitate-agiri bat da. Europan, herrialde bakoitzeko ordainketa-balantza…
ProtekzionismoaProtekzionismoa edo politika protekzionista herrialde batek kanpoko konkurrentziari aurre egiteko nazioarteko merkataritzari trabak jarri eta bertako ekonomia babesteko politika ekonomikoa da. Ekonomia itxien ezaugarri nagusia da. Politika protekzionistek…
Diru eskaintza edo diru agregatuakDiru-eskaintza edo diru agregatuak, moneta eskaintza edo moneta agregatuak ere deituak, ekonomia batean une batean zirkulatzen ari diren diru kantitateak da. Pluralean, zeren agregatu horietan diru kontzeptu desberdinak…