Dedukzioa egiazkotzat hartzen diren proposizio edo axioma batzuetatik, inferentzia erregela logikoak erabiliz, egiazkoak diren proposizio berriak eratzeko arrazoibidea da. Maiz, dedukzioa indukzio izeneko prozesuaren kontrakarrean aipatzen da, non…
Metodo hipotetiko-deduktiboa edo hipotetiko-deduktibismoa lege eta teoria zientifikoak eratzeko metodo bat da, XVI. mendean Galileo Galilei-k (1564-1642) proposaturikoa. Guztiz onartutako metodo zientifikoa da, hainbat teoria zientifiko eratzeko balio izan duena; horren baitan, ordea, zenbait joera eta aldaera proposatu dira.
Metodo hipotetiko-deduktiboaren abiapuntua problema bat da, errealitatetik jaso eta azalpena behar duen behaketen multzo bat esaterako, batzuetan aurreko teoria zientifiko batekin bat ez datorrena. Behaketa horiek azaltzeko hipotesi bat planteatzen da (hortik, hipotetiko), teoria batean oinarritutakoa, eta hipotesi horietatik dedukzio logikoak egiten dira (hortik, deduktibo); azkenik, dedukzio horiek errealitatetik jasotako datuekin kontrastatzen dira: dedukzioak behaketa horiekin bat badatoz, planteaturiko hipotesi eta horren ondorioak zuzentzat hartuko dira; behin eta berriz egindako kontrasteek hipotesia gero eta orokortasun handiagoz baieztatzen dutenean, hipotesia lege zientifikotzat hartzen da, eta horiek logikoki bateratzean teoria zientifiko bat sortzen da.
Metodo hipotetiko-deduktiboaren aplikazioaren adibide bat Neptunoren aurkikuntza izan zen. XIX. mendean Adams eta Le Verrier astronomoek Urano planetak Newton-en legeek aurreikusi egiten ez zuten eran mugitzen zela behatu zuten. Hipotesitzat harago beste planeta bat egon behar zela hartu zuten, Newton-en legea onartuta, eta horren kokapen zehatza deduzitu zuten. Teleskopioz bilatu eta azkenean Galle astronomoak aurkitu egin zuen ustezko planeta hori, Neptuno izena jasoko zuena. Metodo hipotetiko-induktiboz, planeta aurkitzeaz gainera Newton-en legeak ere areago baietsi ziren, beraz.
Zenbait joera sortu dira metodoaren baitan: Vienako Zirkuluko filosofoek behaketek hipotesiak egiaztatzea nabarmentzen zuten, baina Karl Popper filosofoarentzat (1902-1994) behaketek hipotesia ez faltsutzea zen erabakiorrena; faltsazionismo deitu zaion bere teoriaren arabera, logikaz ezin da behaketa kopuru mugatu batez hipotesi orokor bat baieztatu, eta ziurra den bakarra hipotesiarekin bat ez datorren behaketa bakar batek hipotesia ezetsi egiten duela.
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.