Merkataritza (definizioa)


KategoriakEkonomia

Valentziako azoka. Photo via Good Free Photos. Public domain.

Merkataritza edo merkatalgoa ondasun eta zerbitzuen merkaturatze eta haien salerosketekin loturiko jarduera ekonomikoen multzoa da. Merkataria ondasun eta zerbitzu horiek eskaini egiten dituen pertsona da, prezio jakin batean, eta bezeroa edo eroslea horiek eskuratzen dituena, kontsumitzailea ere izaten dena.

Antzinatik gizakiak garatu duen jarduera izan da, eta zibilizazio handi gehienek merkataritzan oinarritu dute euren indar ekonomikoa, bide batez munduan zehar beste herrietako kulturak zabalduz eta kosmopolitismoa bultzatuz. Nazioarteko merkataritza, herrialde batetik bestera dauden ondasun eta zerbitzuen trukaketak (inportazioak eta esportazioak) alegia, etengabea izan dira historian zehar; eta merkataritza-gerrek eta autarkia-egoerek atzerakada ekonomikoa ekarri dute beti. Izan ere, merkataritza efizientzia ekonomikoa dakarren jarduera da: norberak nekez eta kostu handiz ekoitziko lituzkeen ondasunak eta zerbitzuak aise eta merke eskura ditzake, abantaila konparatiboak balioetsiz.

Merkataritzak biltzen dituen jarduerak honako hauek dira: ekoitzi aurretik, ondasun eta zerbitzuen diseinua, kontsumitzailearen beharrak ahalik eta egokien asetzeari begira; ekoizpenaren ondoren, ondasun eta zerbitzu horien eskaintza egokia egitea, behar den denboran eta lekuan, logistika (biltegiratzea eta banakuntza) ahalik eta modu eraginkorrenean antolatuz; eta azkenik, salmenta ondoren, bezeroen beharrei erantzun eta horien irrika berriak bilatuz. Enpresaren baitan, merkataritzarekin loturiko jarduerak bi arlo nagusitan banatzen dira, beraz: marketina eta logistika.

Jarduera eta arlo horien baitan hainbat alderdi bereitzen dira, elkarri eragiten diotenak, hala nola salerosketarako gunea zein izango den (txikizkaria, online, salgune handiak, ...), banakuntza-kanala (bitartekariak, ...), prezio eta beherapenen politika zein izango den, marka eta diseinua, eta publizitatea.

Tradizionalki, denda izan bada merkataritzako gune nagusia, XX. mendearen bukaeratik merkataritza-modalitate berriak sortu dira, hala nola hipermerkatuak eta beste merkataritza gune handiak, merkataritza elektronikoa, internet bidez egiten dena, eta merkataritza tradizionalaren krisia ekarri duena, eta bidezko merkataritza, ekoizleentzako ordainsari bidezkoa bermatzen duena, bitartekari zapaltzaileak saihestuz.

Ikus, gainera

400 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.