Komunismoa


KategoriakPolitika

Komunismoa ekoizpen-bitartekoen jabetza kolektiboa dela, gizarte osoarena alegia, defendatzen duen teoria eta ideologia politikoa eta teoria hori praktikara eramaten duen sistema sozioekonomikoa da. Gizarte komunistak, non ondasun guztiak guztionak diren eta partekatu egiten diren eta denok aberastasun materialez berdinak garen (ikus, berdinzaletasuna), antzinatik amestu, pentsatu eta teorizatu badira ere, komunismoaren egungo esanahia teoria marxistatik eratortzen da, ekoizpen-bitartekoen jabetza pribatuan oinarritzen den kapitalismoaren guztiz aurka dagoen ideologia da. Zehaztu behar da, ordea, marxismoan bereizi egiten direla sozialismoa, proletarioek botere politikoa bereganatu eta ekoizpen-bideak sozializatu egiten direnean gertatzen den egoera, eta komunismoa, dena guztiona eta guztiontzat den gizartea, sozialismoaren azken helburua izan behar dena eta klase-borrokaren eta iraultzaren bitartez gauzatuko dena, betiere marxisten ustez. Anarkismoaren korronte batzuetatik ere, haien artean anarkokomunismotik, proposatzen da komunismoa sistema gisa. Errealitate historiko gisa, komunismo primitiboa deitzen zaio antzinako herri eta herri indigena batzuetan zegoen elkartasun egoerari;  berdintasunean dena partekatzen diren komunitateak ere izan dira historian zehar, hala nola monastegiak; marxismoaren ikuspuntutik, ordea, komunismoa, edo zehatzago bloke komunista edo herrialde komunistak 1917ko Errusiako Iraultzatik eta Sobietar Batasunaren sorrerarekin XX. mendean garatu den sistema politiko eta ekonomikoa izan da, marxismoaren printzipioetan oinarritu dena eta ekoizpen-bide nagusiak kolektibizatu edo sozializatu egin dituena, ekimen ekonomiko pribatua baztertuz eta planifikazio ekonomiko zentralizatua garatuz; sistema komunista horretan bildu ziren Sobietar Batasuna, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Europa Ekialde herrialde batzuk (ikus, gainera, Altzairuzko Teloia), Txina eta Kuba, deskolonizatutako beste herrialde batzuekin batera, gehienetan sistema diktatorialak eratuz. Europa Ekialdeko herrialde komunistetan izandako 1989ko Iraultzek eta Sobietar Batasunaren kolapsoak 1991 urtean sistema komunistaren erabateko gainbehera ekarri zuten eta egun herrialde komunistaren izaera aldarrikatzen duten herrialde bakarrak Txina, Kuba, Laos, Ipar Korea eta Vietnam dira.

Ikus, gainera

379 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.