Altzairuzko Teloia


KategoriakHistoria

Kredituak:BigSteve-Wikimedia Commons

Altzairuzko Teloia edo Altzairuzko Oihala Europa bi bloke politikoetan zatitu zuen muga politiko eta fisikoa izan zen, herrialde komunistak alde batetik, Europa Ekialdean eta Sobietar Batasuna buru, eta Europa Mendebaldeko herrialdeak bestetik, esfera kapitalistan, bereizi zituena. Muga horrek Bigarren Mundu Gerraren amaieran altxatu eta 1989an desegin zen, Berlingo harresiaren erorketarekin batera. Bloke komunista Bigarren Mundu Gerraren ondorioz sortu zen, nazien aurkako borrokan armada sobietarra Berlineraino iritsi eta Europa Ekiladeko lurralde zabala okupatu zuenean. Garaiko agintari sobietarrak, Josif Stalinek, esfera komunistan jarri zituen okupatutako lurralde horiek; Mendebaldeko herrialdeak, Estatu Batuekin batera, horren aurka agertu ziren, eta horren ondorioz bi blokeen arteko tentsio geopolitikoa indartzen joan zen, Gerra Hotza deitu izan dena sorraraziz. Azkenean, muga horretan zehar hormak, lubakiak, hesiak, minaz beteriko eremuak eraiki ziren 1949tik aurrera bloke komunistako estatuen aginduz, Europako Mendebaldea eta Ekialdea bereizten zituen milaka kilometrotan zehar, Polonia, Txekoslovakia, Hungria, Yugoslavia, Errumania eta Bulgaria bloke komunistan utziz. Altzairuzko Teloia deitu zitzaion muga horri, eta horren helburuak defentsiboak ziren alde batetik, baina baita ere eta nabarmenkiro herrialde komunistetako biztanleen Mendebalderako ihesa eragoztea. Bloke komunistaren gainbeherak eta desagerpenak 1980ko hamarkadaren bukaeran, arlo politiko, ekonomiko nahiz sozialetan, Altzairuzko Teloiaren amaiera ekarri zuen, zeinaren erakusgarri ospetsuena Berlingo harresiaren erorketa izan zen 1989 urtean.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, Iron Curtain; gaztelaniaz, Telón de Acero.

 

321 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.