Garapena eta azpigarapena


KategoriakEkonomia

Ikus, gainera, Gardenki: Garapena eta azpigarapena

Garapen ekonomikoa eta azpigarapen ekonomikoa herrialde edo eskualde bati buruz makromagnitude eta adierazle ekonomikoetan oinarrituta ezartzen diren kategoriak dira. Hain zuzen, garapen ekonomikoa percapita errenta altuarekin, lehengai eta produktu batzuen kontsumoarekin (zementoa, ordenagailuak), errepide-kilometro kopuru eta orokorrean hazkunde ekonomikoarekin erlazionaturiko aldagaiekin lotzen da; azpigarapen ekonomikoa literalki garapen-eza litzateke, aurreratu edo normaltzat hartzen ez diren aldagai horien balio murritzei dagokien egoera ekonomikoa, errenta eta kontsumo balio txikiekin lotua, eta adiera zabalagoan atzerapen ekonomiko, sozial eta politikoarekin (ikus, menpekotasuna), eta beraz ez soilik fenomeno kuantitatibo bat. Azpigarapena ez da, beraz, behin behineko egoera, azkenean, beharrezko baldintzak betez gero, garapenera eramango lukeena, errealitate dual edo alde biko baten islada estrukturala baizik: herrialde azpigaratuak daude haien garapena oztoposatu egiten duten herrialde garatuak daudelako, hain zuzen.

Herrialde garatuak eta herrialde azpigaratuen arteko desberdintasun, asimetria edo dikotomia hori ezabatu edo apaldu nahian, tarteko beste kategoria batzuk eratu dira, hala nola garapen bideango herrialdeak.  Ikuspuntu horiek azpigarapenetik garapenerako bide bat badela baieztatzen dute, azpigarapena ez dela fenomeno estrukturala., gainditu daitekeen arazo bat baizik. Teoria neoklasikoaren baitan biltzen diren eredu teoriko horietatik zabalduena W. Rostow-ek 1950eko hamarkadan plazaratu zuena izan zen. Horren arabera, gizarte tradizional batean hasierako baldintza batzuk beteta, hala nola kapital-metaketa, baliabide naturalen ustiapena, giza kapitala, azpiegiturak eta nekazaritza produktibitatearen gehikuntza, abiatze-aldi zabaltzen dutenak, inbertsio produktiboaren hazkundearekin eta lan indarra nekazaritzatik industriara eramatearekin, eta egitura politiko eta instituzional egokiekin batera, azkenean, heldu-aldia, garapena alegia, iritsiko litzateke,  masa-kontsumoa lehenbizi eta gero zerbitzu-sektorearen zabalkuntza, ongizatearen gizarte baten adierazgarri.1

Rostow-en ereduak eta beste eredu neoklasikoek kritikak jaso dituzte, bereziki XX. mendearen bigarren erdialdean izandako hamarkada galduen ondoren. Teoria neoklasikoen aurkako ebidentzia nagusitzat, herrialde azpigaratuetan hazkunde ekonomiko iraunkorra izan arren, herrialde horiek  herrialde garatuen bizitza-mailara nekez iristen zirela hartu da. Izan ere, hazkunde ekonomikoa bezain garrantzitsua da, kritika horien arabera, hazkunde ekonomiko horrek sortzen duen aberastasunaren banaketa. Areago, garapena eta azpigarapena elkarri lotutako prozesuak lirateke, azpigarapena garapen kapitalista desegoki baten ondoriotzat hartuz. Hartara, azpigarapena eta garapena ez lirateke baldintza endogenoen ondorioak, baizik eta mundu mailako egitura politiko eta ekonomikoen kausa. Ildo horretatik dependentziaren teoria plazaratu da, mundu mailako ezberdintasun sistemikoak azaltzen dituztenak.2

Ikus, gainera

Erreferentziak

1.
Méndez R, Molinero F. Concepto y caracterización del desarrollo. In: Espacios y Sociedades. Ariel; 1984:37-59.
2.
Martínez HE. DESARROLLO, SUBDESARROLLO Y TEORÍAS DEL DESARROLLO EN LA PERSPECTIVA DE LA GEOGRAFÍA CRÍTICA. scielo.org.arg. http://www.scielo.org.ar/pdf/reh/v7n2/v7n2a05.pdf. Accessed 2017.
520 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.