Fisiokrazia (antzinako grezirako physios, "natura"; eta kratos, "agintaritza", hitzetatik) XVIII. mendeko Frantzian sortu eta garatutako eskola ekonomikoa da, François Quesnay (1694-1774) buru izan zuena. Nekazaritza hazkunde ekonomikorako funtsezko sektoretzat hartzen zuten, soberakin ekonomikoa sortzen zuen sektore bakarra zenez; eta merkataritza eta maila batean industria ere klase nagien jarduera antzuak zirela irizten zuten (ikus, parasitismo soziala); horrela, zergak nekazaritzak ematen zituen etekinen gainean ezarri behar zirela aldezten zuten, lurjabeen gainean alegia. Halaber, fisiokratak indibidualismoaren eta jabego pribatuaren aldekoak ziren. Merkantilismoaren aurkakoak, XVIII. mendean Frantziako ekonomiaren gainbeheraren giroan garatu zuten euren pentsamendu ekonomikoa, bereziki Frantziako nekazaritzako produktibitate eskasa ikusirik; hala, lursail txikiak ezabatu eta etxalde handiak egitearen aldekoak ziren, produktibitatea gehitzeko.
Ideia fisiokratikoak naturalak ziren, haien iritziz, eta horrela gobernuak ekonomian esku hartzea ezetsiz, ekonomiaren lege naturalei jarraitu behar zitzaien, argudio soziopolitikoak baztertuz. Horrela, estatuaren zeregina segurtasuna, jabego pribatua bermatzea, izan behar zen soilik. Lege ekonomiko naturalen ikuspuntu fisiokratikoa hartu zuen Adam Smith ekonomialari ingelesak ere, laissez faire eta librekanbismoaren doktrinekin, nekazaritzari buruzko haien iritziak baztertuta. Hain zuzen, fisiokraten ekarpen nagusia pentsamendu ekonomikoan haien proposamen zehatzak baino, ekonomiaren ikuspuntu zientifikoa izan zen, ondorengo eskola ekonomikoek jarraitu zutena.
Loturiko artikuluak
Kameralismoa eta kameralistikaKameralismoa herrialde germanikoetan garatutako pentsamendu-korrontea izan zen, ekonomiaren eta administrazioaren arloan, bereziki XVII. mendetik XIX. mendera, gobernuaren administrazioaren egokiaren beharra nabarmentzen zuena, estatua indartze eta garatze aldera, aldi…
Ekonomia klasikoaEkonomia klasiko edo ekonomiaren eskola klasikoa XVIII. mendean Adam Smith abiarazi eta XIX. mendean beste ekonomialari batzuek, haien artean David Ricardo, Jean-Baptiste Say, Malthus, John Stuart Mill eta…
MerkantilismoaMerkantilismoa XV. mendearen erditik XVIII. mendearen hasiera arte Europako herrialdeetan nagusitu zen doktrina eta praktika ekonomikoa izan zen, bereziki protekzionismoa aldezten zuena nazioko ekonomia sustatzeko. XV. mendeko goraldi…