Fisiokrazia (antzinako grezirako physios, "natura"; eta kratos, "agintaritza", hitzetatik) XVIII. mendeko Frantzian sortu eta garatutako eskola ekonomikoa da, François Quesnay (1694-1774) buru izan zuena. Nekazaritza hazkunde ekonomikorako funtsezko sektoretzat hartzen zuten, soberakin ekonomikoa sortzen zuen sektore bakarra zenez; eta merkataritza eta maila batean industria ere klase nagien jarduera antzuak zirela irizten zuten (ikus, parasitismo soziala); horrela, zergak nekazaritzak ematen zituen etekinen gainean ezarri behar zirela aldezten zuten, lurjabeen gainean alegia. Halaber, fisiokratak indibidualismoaren eta jabego pribatuaren aldekoak ziren. Merkantilismoaren aurkakoak, XVIII. mendean Frantziako ekonomiaren gainbeheraren giroan garatu zuten euren pentsamendu ekonomikoa, bereziki Frantziako nekazaritzako produktibitate eskasa ikusirik; hala, lursail txikiak ezabatu eta etxalde handiak egitearen aldekoak ziren, produktibitatea gehitzeko.
Ideia fisiokratikoak naturalak ziren, haien iritziz, eta horrela gobernuak ekonomian esku hartzea ezetsiz, ekonomiaren lege naturalei jarraitu behar zitzaien, argudio soziopolitikoak baztertuz. Horrela, estatuaren zeregina segurtasuna, jabego pribatua bermatzea, izan behar zen soilik. Lege ekonomiko naturalen ikuspuntu fisiokratikoa hartu zuen Adam Smith ekonomialari ingelesak ere, laissez faire eta librekanbismoaren doktrinekin, nekazaritzari buruzko haien iritziak baztertuta. Hain zuzen, fisiokraten ekarpen nagusia pentsamendu ekonomikoan haien proposamen zehatzak baino, ekonomiaren ikuspuntu zientifikoa izan zen, ondorengo eskola ekonomikoek jarraitu zutena.
Loturiko artikuluak
Barometro ekonomikoaBarometro ekonomikoa ikerketa ekonomikorako erakunde batek aldiro herrialde edo eskualde bateko koiuntura ekonomikoari buruz osatu eta publikoki plazaratzen duen txosten ekonomikoa, aldiko adierazle ekonomikoak zehaztuz, horien interpretazioa eginez,…
Efizientzia ekonomikoa (ekonomia efizientea)Enpresan, efizientzia ekonomikoa edo eraginkortasun ekonomikoa ekoizpen maila bat kostu txikienarekin burutzen denean gertatzen den egoera da. Beraz, efizientzia tekniko edo produktiboan erabilitako baliabideen unitate fisikoak kontuan hartzen…
Gizarte parasitismoa (parasitismo soziala)Soziologian, parasitismo soziala edo gizarte parasitismoa gizarteak eskaintzen dituen abantailak sistematikoki eta neurrigabe probetsi baina aldi berean laguntza eta elkartasun sistema hori mantentzeko lanik edo ekarpenik egiten ez…