Ez ezetz da


KategoriakSoziologia

Ez ezetz da 2010eko hamarkadan sexu jazarpenaren aurka zabaldutako lelo feminista da. Horren jatorria 2008an Irene Zeilinger ekintzaile feministak plazaraturiko Non, c'est non izenburuko emakumeentzako autodefentsarako liburua da, non kaleko eta beste giroko sexu jazarpenen aurka emakumeak nola jokatu behar duen azaltzen den. Liburuan adierazten denez, kaleko jazarpenaren aurrean, emakume  baten atzetik sexu bila tematzen diren gizonezkoen aurrean,  emakumeak bere autodefentsarako ezetza argia azaldu behar du, jabekuntza ekintza sendo bat burutuz. Geroztik, izenburua lelo feminista bilakatu eta hedapen zabala ezagutu zuen, "Nik sinesten dizut" leloarekin batera, Espainian bereziki 2016ko Sanferminetako La Manada auziaren ondorengo protestetan. Gertaera haietan emakume gazte bat gizon talde batek bortxatu zuen, emakumeak ezezkoa edo gutxienez baietza esplizitua eman gabe. Leloak luzaroan ustez gizonezkoen artean aski zabaldua zen jokabidea du jatorri, non sexu proposamenei edo onartu gabeko sexu jokabideei emakumeak ezetz esan arren, gizonak ez zuen etsitzen bere sexu gogoa bete arte, emakumearen borondate esplizitua (ezetza) kontuan hartu gabe. Jokabide horen arrazoia emakumeen sexualitatearen errepresioan datza: luzaroan emakumeei sexuaz gozatzeko aukera erreprimitu zaie, eta emakumeak gizonaren sexu proposamenen aurrean (egoera horretan, noski, gizonari baitzegokion proposamena egitea) ezetza emateko joera zuen, nahiz eta benetan sexurako gogoa izan, duintasuna atxiki eta behar bezalako (sexurik gabeko) emakumea zela argi uzteko; horren jakitun, gizonek ezetzari kasurik egin ez, tematu eta aurrera jarraitzen zuten, emakumearen borondatea (egiazko ezetzaren kasuetan) bortxatuz, ezetza hori seguru asko benetako ezetza ez zela sinetsirik, kasu askotan horrela izan arren. Joera horren kausaz emakume asko izan dira sexualki jazartuak eta bortxatuak. Leloak aldarrikatzen duena emakumearen hitza da: ez ezetz da, ez esateak ezetza adierazten duela, emakumeek nahita ere ezetz esaten dutelako mito faltsua hautsiz (inoiz egiazkoa izan den arren). Leloaren beste aldaera bat "bai baino ez da baietza" da, emakumeen baietza edo baimen esplizitua sexu harremana onartzeko baldintza gisa aldarrikatzen duena, eta Espainiako legean jaso dena. Feminista batzuk leloa gaizki ez interpretatzeko beharra adierazi dute, argudiatuz "ez ezetz da" leloak ez lukeela sexurik edo gizon-gogorik gabeko emakume eredu bat eratu behar, hau da, aldarrikatu behar dena ez dela beti ezetz esatea. Leloaren interpretazio okerraz sor daitekeen moral eta zentsura sexualei aurre eginez, interpretazio sexu erreprimitzaileak baztertuz, emakumeak sexu gogoa duenean, bere gogoak argi azaldu, atsegin izan ezkero baietza eman eta gizonaren proposatutako sexuaz gozatu beharko luke.

Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Ez ezetz da"; Gizapedian, 6 apirila, 2020, /ez-ezetz-da/.

Ikus, gainera

454 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.