Etnozentrismoa gizatalde baten bizimodua, kultura eta balioak normalak, zuzenak eta idealak direla aldezten duen ikuskera da, kontzientea zein inkontzientea, beste gizataldeak bertako ezaugarri eta erakunde horiekin duten antzekotasunaren arabera sailkatu eta baloratzen dituena. Esan liteke tunel-ikuskera modukoa ere badela, beste kulturak ulertzeko ezgaitasuna ekarri ohi duelako. Gizatalde etnozentrikoetan beste gizataldeak baztertzeko joera dago, gizatalde barneko faboritismoa bultzatzen denez. Etnozentrismoaren ondorioak ez dira positiboki balioesten: ikuspuntu etnozentriko batetik beste gizataldeetako gizabanakoen jokabideak gizatalde propioko balioen arabera baloratzen dira, jokabide horiek haien gizataldean (ezta unibertsalki ere) zuzenak diren edo ez kontuan hartu gabe, eta diskriminazioa, arrazismoa eta gatazka etniko eta politikoak ere ekar ditzake. Ondorio onak baditu: barneko kohesioa eta kooperazioa indartsuak dira gizatalde etnozentrikoetan. Ekonomian ere eragina izan dezake, bertako produktuak hobesten direnean, kanpokoen aldean. Etnozentrismoaren aurkako ikuspegiak gizarte errealitatean kosmopolitismoa eta multikulturalismoa dira, kultura aniztasuna desiragarritzat hartzen dutenak, eta erlatibismo kulturala, teoria mailan.
Etnozentrismoa XIX. mendean garatutako antropologia eboluzionistaren oinarria izan zen, zeinaren arabera kulturek aurrera egiten duten modu progresibo batez. Franz Boas antropologoaren inguruan sortutako eskolan, berriz, etnozentrismoa antropologiaren aurkakoa litzateke, erlatibismo kulturalaren aurkako kontzeptua litzatekeenez. Antropologo fisikoek, berriz, etnozentrismoak eboluzioan ekar dezakee abantaila nabarmendu dute, talde barruko kooperazioa bultzatzen duela iritzita. Orokorrean, ordea, antropologiko modernoak etnozentrismoaren aurka agertzen dira, eta aldi berean, ezkorrak etnozentrismoa gainditzeari buruz. 1
Ikus, gainera
Erreferentziak
Loturiko artikuluak
Kultura-balioakKultura-balioak kultura baten elementuak dira, hala nola sinesmenak, ohiturak, balio moralak eta izaera material generikoko elementuak (kultura bateko tresna bereziak, adibidez) eta elementu zehatzak (eraikuntzak, artelanak...), beste kultura…
Erlatibismo kulturalaErlatibismo kulturala kultura guztiak maila eta balio berekoak eta sinesmen eta pentsamolde guztiak, edozein kulturatan, zuzenak eta baliozkoak direla baieztatzen duen ikuspegi antropologikoa da. Beraz, kulturaren arabera definitzen…
AndrozentrismoaAndrozentrismoa gizona gizartearen eta kulturen zentro edo erreferentziatzat hartzen den ikuskera eta pentsaera da, gizakiaren eta pertsonaren eredutzat gizona hartuz eta emakumea eta horren ekarpenak ikusezin bilakatuz (ginopia)…