Dibisio Urdina


KategoriakHistoria

Dibisio Urdineko boluntarioei Alemaniara trenez egindako bidaian zehar Donostiako Norteko geltokian egindako harrera.

Dibisio Urdina Alemania naziaren alde Bigarren Mundu Gerran borrokatu zuten boluntario espainarrek osaturiko unitate militarra izan zen, 1941eko ekainean sortua eta 1943 urteko azaroan desegin zena. Izena boluntario gehienak falangistak zirelako, atorra urdinak deitzen zirenak. Alemania naziak Sobietar Batasuna inbadituta erabaki zuen Francok laguntza militar hori ematea Hitler-i. Horrela helburu bikoitza lortzen zuen Francok; alde batetik, Hitler-ek Gerra Zibilean emandako laguntza militarra, Kondor Legioaren bitartez bereziki, itzultzea, Hitler-ek Hendaiako elkarrizketan eskatu bezala; eta beste alde batetik komunismoaren aurkako diskurtso frankista indartzea. Gainera, boluntarioek osaturiko tropak bidaliz, Francok Espainiaren beligerantzia-eza ziurtatzen zuen. Hain zuzen ere, boluntario horiek Wehrmacht-eko uniformea janzten zuten. Erregimen frankistak egindako deialdiak uste baino arrakasta handiagoa izan zuen, eta boluntario asko atzera bota behar izan zituzten hasieran. Lehen txanda batean 15.000tik gora boluntario bidali ziren, 2.000tik gora Espainiako ofizial boluntariorekin batera. Guztira, 45.000 soldaduk integratuko zuten Dibisio Urdina 1943 urtean desegin arte.

Dibisio Urdineko tropak trenez bidaiatu zuten Alemaniaraino, eta hortik Ekialdeko Frontera trenez nahiz oinez. Leningradoko setioan borrokatu zuten bereziki. 1942 eta 1943ko neguetan, gainera, hotzaren aurka ere egin behar izan zuten, eta soldadu asko izozte larriak pairatu zituzten. Guztira ia 5.000 soldadu hil ziren, eta 8.000tik gora zauritu eta elbarri. Ehunka preso hartu zituzten sobietarrek. Dibisio Urdineko baja gehienak, 3.600 hildakotik gora, 1943ko otsailean izan ziren, Leningradoko setioa hausteko Krasni Bor-eko gudan. Guda horretan izandako triskantzaren eta aliatuek erregimen frankistari egiten zioten presioaren ondorioz, Francok Dibisio Urdina Espainiara itzularazi eta deusezteko erabakia hartu zuen 1943ko urrian.

372 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.