Baliabide naturalak ekoizpenerako eta kontsumorako faktore eta gaiak dira, naturan berez sortzen diren fenomeno fisiko eta kimikoen ondorioz sortzen direnak, epe laburrean (ura euriaren bitartez) nahiz luzean (petrolioa, lur azpian gertatzen diren milioika urteko prozesuen bitartez). Ustiapen ekonomikoaren bitartez, baliabide naturalak ekoizpen-faktore bilakatzen dira, lehengaiak eta kontsumo gai moduan eraldatu gabeko elikagaiak (fruituak eta barazkiak) ekoizteko.
Hainbat modutara sailkatzen dira baliabide naturalak. Oinarrizko sailkapen baten arabera, honako hauek bereizten dira:
- baliabide natural ez-berriztagarriak, xahutu ondoren berreskuratu ezin daitezkeenak, birziklapenez neurri batean berrerabili daitezkeen arren, eta stock edo kopuru finitua dutenak (petrolioa, adibidez), gehienetan lurretik erauzitakoak (ikus, estraktibismoa);
- baliabide berriztagarriak, xahutu ondoren stocka agortzen ez dutenak, prozesu naturalen bitartez xahututakoa berreskuratu egiten delako (adibidez, basoetako zura eta arrainak), gehiegizko erauzketa edo kudeaketa desegoki batek baliabide horiek agortzea ekar dezakeela kontuan hartu behar den arren;
- ingurumeneko faktoreak, orokorrean xahutzen ez direnak, berreskurapen-denbora laburra dutelako (adibidez, airea eta ura).
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
Baliabide hidrikoakBaliabide hidrikoak edo ur baliabideak ur hornidura ahalbidetu egiten duten baliabide naturalak dira, hala nola ibaiak, aintzirak, lurpeko urak eta glaziarrak, horiek ustiatzeko beharrezko azpiegiturekin batera (urtegiak, hornidura-sareak,…
Energia-iturriak (energia-baliabideak)Artikulu hau energiaren kontzeptu ekonomikoari buruzkoa da. Kontzeptu fisikoari buruz jakiteko, ikus Energia (fisika), Bioscio webgunean. Energia-iturriak, iturri energetikoak, energia-baliabideak edo baliabide energetikoak ere deituak (antzinako grezierazko ἐνέργεια,…
Baliabide ekonomikoakBaliabide ekonomikoak edo, besterik gabe, baliabideak, jarduera ekonomikoak garatu eta beharrak asetzeko ustiatu, erabili edo baliatu diren elementu, gai, bitarteko eta faktoreak dira, berez eskasak direnak eta horregatik…