Aurrerabidea, aurrerakuntza, aurrerapena edo progresoa zientziak, teknikak eta arrazionalismoak gizartea ustez etorkizun hobe batera eramango dutela baieztatzen duen metanarratiba edo marko ideologikoa da. Gizarte modernoetan aurkitzen den ideia da, XVI-XVII mendeetatik, eta Descartes, Francis Bacon, eta Immanuel Kant filosofoen pentsamenduari zor zaio neurri handi batean. Comte filosofo positibistak adierazitako hiru estadioen legea, zeinaren arabera gizarteak aurrerabidean aldi teologiko, metafisiko eta azkenean positibo batera heltzen diren, progresoaren aldekoa da. Progresoaren ideia gizarte tradizional ta klasikoetan goresten den tradizioaren aurkakoa dela esan daiteke: gizarte klasikoetan antzinako urrezko aro baten geroztik, mundua gainbehera batean dagoela sinetsi ohi den bitartean, gizarte modernoak etorkizunari begira bizi dira. Hala ere, Max Weber filosofoak progresoaren jatorri erlijiosoaren aipamena egin du, erlijio juduan eta kristauan aurreikusten den Mesias delakoaren bigarren etorreraren sinesmenetik datorrela adieraziz.
Aurrerabidea Mendebaldeko gizarte modernoetan sortu bazen ere, mundu osora zabaldutako ideologia da. Hirugarren Mundu deitzen den herrialdeetan aurrerabidearen ideian oinarritutako garapen-politikak eramaten dira aurrera.
Hala ere, progresoaen ideiak kritika zorrotzak ere jaso ditu. Historizismotik progresoaren oinarri diren arrazoia kontzeptu historikoa dela baieztatzen da, eta beraz aldakorra eta ez egonkorra guztiz. Zabalkuntza handia izan zuen Spengler-en "Mendebaldeko gainbehera" lanean progresoaren aurkako jarrera garbia agertzen du egileak. Nietzsche filosofoak ere progresoaren ideiaren aurka azaldu zen, eta XX. mendean zabaldu den postmodernismoa progresoak etorkizun hobea ekarriko duelako leloari buruz sinesgaitza da guztiz. Progresoak etorkizuna hobea ekarriko duela ezesten dute XX. mendean izandako Munduko Gerrek, aurrerapen ekonomikoaren ezberdintasun sozialak eta jasangarritasuna.1
Ikus, gainera
Erreferentziak
1.
Progreso. In: Diccionario de Sociología. Alianza; 2013:684-685.
Loturiko artikuluak
-
Autogarapena edo garapen pertsonalaAutogarapena, garapen pertsonala edo hazkunde pertsonala pertsona batek bere burua hobetze aldera egiten dituen ekimen eta ahaleginen multzoa da, helburu berriak lortze aldera ikasiz eta behar diren trebeziak…
EraldatzaileaSoziologian, erakunde, eragile, berrikuntza, antolakuntza edo praktika eraldatzaileak dira gizarte aldaketa eragiteko ahalmen eta indar apartekoa dutenak. Aurrerapena gizartearen leloa den honetan gainera, eraldatzailea izatea bereizgarri positibotzat hartzen…