Amesgaiztoak


KategoriakPsikologia

Amesgaiztoa edo lokamutsa larritasunezko ametsa da. Hartan, subjektuak bere bizitza, segurtasuna, bakea edo ongizatea, zein maite dituen pertsonena, arrisku bizian sentitzen ditu; hala nola, jazarpenak, erasoak, erorketak, istripuak, liskarrak, lapurretak, heriotzak izaten dira amesgaiztoetako ohiko gaiak. Askotan bezperan subjektuak izandako bizipenekin dute zerikusia, eta hala ez denean, subjektua azken aldian asaldatzen duten estres egoerekin. Bizipen horiek esnarazi egiten dute gehienetan subjektua, larritasunez, izututa, izerditan, bihotz taupada biziekin,  eta maiz non dauden ere ez dakitela; amesgaiztoan zehar ohikoak dira baita ere subjektuaren garrasiak eta mugimendu bizi eta bortitzak; azkenik, amesgaiztoen beste ezaugarri ohikoa haiek gogoratzea da, baina batzuetan sentsazio desatsegin batekin esnatzea baizik ez dute eragiten. 1Biharamunean neke sentsazioa eragiten dute. Loaldi paradoxikoan zehar, REM loaldian alegia, gertatzen dira. Bereizi behar dira beste parasomnia edo loaren asaldura batzuetatik, hala nola gaueko izutik edo REM loaldiko asalduratik, haietako sintoma ere izaten den arren.2 Trauma ondorengo asalduraren ondorioz ere gertatzen dira. Ohikoagoa da haurrengan, haiek emozio bizi eta bortitzagoak bizitzen dituztenez.3 Gaztetan, emakumeek gizonek baino maizago pairatzen dituztela ere hauteman da.

Antropologiaren ikuspuntutik ere aztertu dira, eta ametsak bezala, kultura batzuetan esanahi handiko gertaeratzat hartzen dira, profezia moduan eta beste munduko izpirituekin lotua. Ildo horretatik ere, ohikoa da amesgaiztoetan subjektuaren kulturako edo mitologiako izpiritu, jeinu zein munstroak agertzea.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, nightmare; gazteleraz, pesadilla; frantsesez, cauchemar.

Erreferentziak

1.
Nightmares, nightmare distress and their treatment through an internet‐based self‐ help intervention. Universität Düsseldorf. https://docserv.uni-duesseldorf.de/servlets/DerivateServlet/Derivate-39159/Dissertation_B%C3%B6ckermann_Ver%C3%B6ffentlichung_pdf.pdf. Accessed 2018.
2.
El trastorno de conducta del suelo REM. sciencedirect. https://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0716864013701822. Accessed 2018.
3.
La signification d’un cauchemar. psychaanalyse.com. https://www.psychaanalyse.com/pdf/reve_cauchemar_liens.pdf. Accessed 2018.
390 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.