Ikaskuntza latentea edo ikaste latentea berehalako sari edo pizgarririk ezean, horren erantzun edo aplikazioa ezkutuan (latente, alegia) edo azalerazi gabe geratu eta soilik horretarako motibazioa edo beharra agertzen…
Albert Bandura psikologoa (Kanada, 1925 -2021) ikaskuntza sozialaren teoriaren asmatzailea da, teoria kognitibo-sozialen multzoko teoria nagusi eta ezagunena. Banduraren arabera, portaera ingurumenaren, kognizioaren eta portaeraren beraren arteko elkarrekintza da.
Ikaskuntza sozialaren teoriaren (ikaskuntza sozial-kognitiboaren teoria ere deitua) printzipio gisa, pertsonek portaera euren behar, asmo eta nahietara moldatzen dutela azaldu zuen (ikus, agentibitatea). Horretarako, subjektuek beste subjektu batzuen portaerak behatu, eta portaera horiek imitatuz edo errepikatuz eskuratzen diren emaitzak barneratu eta prozesatu egiten dituzte (kognizioa baliatu alegia), ikaskuntza garatzeko horrela. Besteek erakutsitako portaeratik ere ikasten da beraz, baina norberaren portaerak besteengan ere du eragina (ikus, determinismo erreziprokoa). Beraz, Banduraren teorian ikaskuntzak dimentsio soziala du (besteei behatuz abiatzen da ikaskuntza) eta kognitiboa ere bai (norberaren portaeraren emaitzak aztertuz fintzen da ikaskuntza).
Bere teoria baieztatzeko Bobo panpinaren esperimentu ezaguna garatu zuen, non haurrei heldu batek Bobo panpina nola kolpatzen zuen film batean erakutsi ondoren, Bobo aurrean jarrita haurrek ere panpina kolpatzeari ekin zioten. Kanpotik eta behaketaz eragindako ikaskuntza mota honi modelaketazko ikaskuntza deitu zion: portaera horiek errepikatzeko halako errefortzua jaso behar du subjektuak, eta horiek ez imitatzeko, nolabaiteko zigorra (ikus, gainera, ikaskuntza bikarioa). Horrela, Bandurak teoria konduktistaren ideiak ere barneratu zituen bere teorian. Portaera moldatzeko beste mekanismoa autoerregulazioa litzateke, norberaren portaeraren ikaskuntzaren inguruan ardazten dena. Hala, agresibitatezko jokabideei eta beste portaera negatiboei aurre egiteko, bi motako terapiak proposatzen ditu: autokontrolaren bitartez, subjektuak bere egoera aztertu eta berak finkatutako helburuak planteatuo ondoren, haiek lortzeko bidean lagunduz; eta ereduzko terapia, antzeko arazoak dituen pertsona batek horiek modu positiboan nola gainditzen dituen erakutsiz subjektuari.
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.