Aisia, pertsona batek bere denbora librean, hots, lanetik eta beste zeregin pertsonaletatik aparte garatzen dituen jardueren multzoa da, borondatez eta ordainsaririk gabe, atseden hartzeko, gozatzeko edo autorrealizaziorako. Jarduera aberasgarri horiek garatzeko hartzen den denbora librearen zatiari aisialdi edo astialdi deritzo; izan ere, denbora librea hutsarte edo denbora hutsa ere izan daiteke, pertsona bat aspertzen denean esaterako. Horregatik garrantzitsua da denbora librean ere heztea, denbora libre aisialdi bihurtzeko.
Aisia jarduera pertsonala izatearekin batera, funtzio sozial garrantzitsua betetzen du, sozializaziorako eta gizarte kohesiorako. Bere funtzio ekonomikoa ere ukaezina, gizarte modernoetan aisiaren inguruan garatu den merkantilizazio prozesuaren ondorioz; turismoa, esaterako, aisialdiko jarduera ohikoenetakoa, funtsezko sektore ekonomikoa da gaur egun.
Antzinako Grezian, aisia bizitza zoriontsurako baldintza zen. Erroman aisia plazererako denbora moduan ikusten jarraitu zuten, lanetik erabat berezita (otium eta negotium aurkakotzat harturik) baina kristautasunak lanaren morala ezarri zen, nekea eta sufrimendua bertutetzat hartuz, Jesusen Nekaldia eredu, baina aldi berean aisia, kontenplaziora zuzendua, baztertu gabe. Horren adierazgarri da Erdi Aroko monjeen artean zabaldutako "ora eta labora" leloa. Erdi Aroan lana bertute nagusia izatera igaro zen, bereziki Erreforma Protestantearen ondorioz. Lanaren etika protestanteak kapitalismorako bidea zabaldu zuen, aisia erreprimituz. Langile klaseen zapalkuntzak klase burgesen kontraesana ekarri zuen ordea, kapitalistek lana goraipatu egiten zutelako, beraiek aisiari ekiten zioten bitartean. Kapitalismoak malgutasunez jokatu ordea, eta aisirako eskubidea onartu zuen azkenik, baina lanarekiko zuen dikotomia edo aurkakotasuna hautsiz: asteko lanaren ondoren, aisia dator asteburuetan eta oporretan, ziklo natural eta hautsiezinezko moduan. Egun, ziklo horretako mugak ere hautsi, eta lausotu egin dira aisialdiaren eta lanaldiaren arteko mugak. Aisialdian ikasi egiten dugu, kirola eginez nekatu egiten gara gogotik, aisia produktibo bilakatu da alegia, eta zerbait probetxugarri egiten ez bada, alperkerian gaudela edo pasiboak garela botatzen digute, eta lanaldian ere motibatzeko eskatzen digute, lana nekoso ez balitz bezala, eta lanaldia autorrealizaziorako aukeratzat aurkezten digute, lehen aisiari bakarrik zegokion hura.
Hiztegia: ingelesez, leisure; gaztelaniz, ocio.
Erreferentziak
Loturiko artikuluak
Geriatria eta geriatrikoaGeriatria agure edo pertsona adinekoen osasun arretaz eta gaixotasunez arduratzen den medikuntzaren adarra da. Termino horretatik, geriatriko hitza agureen osasunarekin loturik dagoen guztiari aplika dakioke: adibidez, gaixotasun geriatrikoa…
Eurokrazia eta eurokratakEurokrazia Europar Batasuneko politikari eta funtzionariek, eurokratek alegia, euren eskumenen bitartez lortzen duten botere instituzionala da, nazioko politiken gainetik. Bereziki adiera gaitzesgarrian erabiltzen da, eurokratek osatzen duten burokraziari…
Animazio soziokulturalaAnimazio soziokulturala gizabanakoak elkartuz tokiko komunitateak osatu eta garatzeko ekimen eta jardueren multzoa da, gizartean komunitate horien rola eta partehartzea indartuz aisialdi nahiz hezkuntza arloetan, kritika, eztabaida eta…