"Abstrakzio artean" bilatzen ari zinen beharbada. Horri buruz, jo ezazu artikulu honetara: Arte abstraktua.
Etimologiaz, abstrakzioa antzinako grezieratik eratortzen den hitza da, "objektu bati zerbait kendu" zein "aukeratu" adierazten duena literalki. Filosofian, esperientziatik kontzeptuak sortzeko prozesua da abstrakzioa, eta gizakiaren ezagueraren eta adimenaren funtsezko trebeziatzat hartu ohi dena. Abstrakzioaren xedea objektuetatik gure helburuetarako soilik beharrezkoak diren ezaugarriak atxikitzea izango litzateke. Adibidez, 4 sagar eta 2 udare guztira 6 fruitu direla esatean, fruituak besterik ez direla ikusten dugu, zenbakiari bakarrik erreparatzeko: 2+4=6, fruituak sagarrak edo udareak diren kontuan hartu gabe, sagar eta udareen abstrakzioa eginez alegia.
Greziar filosofian kokatu behar da abstrakzioaren abiapuntua: Platonen formak edo ideiak dira objektuen abstrakzioak, eta haietara anamnesiaren bitartez heltzen gara. Aristoteles izan zen ordea abstrakzioari buruzko hausnarketa sakona egin zuena; lau abstrakzio mota bereizi zituen: abstrakzio fisikoa, non objektu indibidualei euren atributu bereziak erauzi egiten den, baina euren materialtasuna atxikiz; abstrakzio metafisikoa, non objektuei materialtasun osoa kentzen zaien; esentziaren abstrakzioa, materia eta forma bereizten dituena, gauzen esentzia unibertsala eskuratzeko, eta abstrakzio matematikoa, non ezaugarri sentsorialak baztertu, eta ezaugarri adigarri eta ulergarriak bakarrik atxikitzen diren. 1 Kantek definitutako noumeno eta fenomenoetan, noumenoak zentzumenetatik guztiz banandu edo abstraktutako objektu moduan definitzen dira, abstrazio erabatekoak, ulermen erabatekoak.2 Hegel-ek, ordea, muturreko abstrazioa ukatu eta arrazionala erreala eta erreala arrazionala dela baieztatu zuen, mundu fenomenologiko edo esperientziakoaren eta kontzeptualaren arteko bereizketa baztertuz; absktrazioa osotasunetik zatiak bereiztea zeraman prozesua besterik ez zen bere hitzetan, azkenean objektu errealak baliorik gabe uztea ekartzen duena. 1
Erreferentziak
1.
Abstraction in Artificial Intelligence and Complex Systems. Springer Science & Business Media; 2013.
2.
The Revolutionary Kant: A Commentary on the Critique of Pure Reason. Open Court; 2013.
Loturiko artikuluak
Epistemikoa eta epistemologikoaEpistemikoa eta epistemologikoa aise nahas daitezkeen terminoak dira. Epistemiko izenondoak ezagutzarekin zuzenean lotua dagoenari egiten dio erreferentzia; epistemologikoa, berriz, ezagutzaren ikerketari eta bilaketari, epistemologiari alegia, dagokiona litzateke. Adibidez,…
Esentziala eta akzidentalaGauza baten propietatea ezinbestekoa denean gauza hori existitu eta dagokion bezala sailkatu eta izendatzeko, propietate hori esentziala dela esaten da. Propietate hori gauza existitzeko beharrezkoa ez denean, gerta…
Elkarneurgaiztasuna eta elkarneurgarritasuna (filosofia)Filosofian, elkarneurgaiztasuna bi teoria alderatu eta kontrajartzeko ezintasuna adierazten duen ezaugarria da, teoria horiek kontzeptu ezberdinak erabiltzeagatik; hala gertatzen denean, teoriak elkarneurgaitzak direla esaten da. Aurkako kontzeptua elkarneurgarritasuna…