Iraultza Loriatsua (Espainia, 1868)


KategoriakHistoria

Agian Ingalaterrako Iraultza Loriatsua (1688) bilatzen ari zinen.

1868ko Iraultza edo Iraultza Loriatsua, gazteleraz, La Gloriosa, Espainian Isabel II. Borboikoa tronutik egotzi edo kanporatu egin zuena. Iraultzaren ondorengo aldiari Seiurteko Demokratikoa deitzen zaio espainiar historiografian, eta aldi hauek izan zituen: hasiera batean, behin behineko gobernua (1868-1971), gero monarkia parlamentarioa, Amadeo I.a errege zelarik (1871-1873), eta azkenik errepublika (1873-1874), estatu-kolpe baten bitartez 1874an Borboien Berrezarkuntza etorri zen arte. Iraultza militarrek eta gizarte zibileko sektoreek garatu zuten, Espainiak garai hartan bizi zuen egoera larriaren ondorioz. Hain zuzen ere, Isabel II.aren monarkia absolutistak oligarkia ekonomiko, politiiko eta militarraren interesak baino ez zituen zaintzen, herriaren onura bilatu gabe eta Gorteen ekimen asko geldiaraziz. Beste alde batetik, krisi ekonomiko larria zegoen, trenbideetan izandako inbertsioek porrot egitearen ondorioz, eta horri gehitu behar zaio elikagaien krisia, uzta txarren ondorioz, oinarrizko elikagaien prezioak asko igoarazi zituena.

1866tik prestatu zen Isabel II.aren erregimen politikoaren aurkako altxamendua, (es) Belgikako Ostende hirian politikari liberal eta aurrerazale batzuek adostutako hitzarmena horren abiaburua izanik. 1868an Isabel II.aren sostengu nagusia zen Narváez jenerala hil egin zen eta horren ordez, González Bravo jeneral erreakzionarioa izendatu zuen. Horrek herrialdean aldaketak egin beharraz sinetsirik zeuden militarrak, Prim eta Serrano jeneralak buruzagitzapean, aurrera bultzatu zituen. Altxamendu militarra Cádizen hasi zen 1868ko irailaren 17an eta hortik Mediterraneoko kostalde osora zabaldu zen, non itsas unitate militarrak altxatu ziren, Prim jenerala buru. Isabel II.aren aldeko militarrak Córdobako Alcoleako gudan garaituta, Isabel II.ak Donostiatik Parisera ihes egin zuen irailaren 30ean, nondik hilda itzuli zen 1904an.

Iraultza eta gero, ordea, berehala sortu ziren desadostasunak militarren artean. Batzuek Isabel II.aren alde ziren, baino erregimen demokratiko batekin batera, eta beste batzuek guztiz aurka. Serrano jenerala izan zen estatuaren buruzagitza hartu zuena, 1871an Amadeo I.a, Savoia dinastiako buru, errege izendatu zen arte, erregimen demokratiko baten baitan. 1874an ordea, militarren estatu kolpe batek borboitarre dinastia ezarri zuen berriz ere tronuan, demokrazian hasitako bidea itxiz.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, Revolución de 1868, Revolución Gloriosa.

 

411 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.