Zoriona (zoriontasuna)


KategoriakFilosofia

Zoriona edo zoriontasuna bizipoz eta gogobetetasun egoera pertsonal iraunkorra da. Definizio hori, ordea, bi eratara uler daiteke: (1) egoera psikologiko gisa eta beraz subjektiboa; (2) ongizate egoera gisa, eta beraz, objektiboa eta ondorioz kanpotik ere baloratu daitekeena. Hasiera batean eta orokorrean, zoriona egoera psikologiko gisa ulertzea zentzuzkoena dirudien arren, egoera psikologiko hori zehazten hasten garenean sortzen dira zalantzak; izan ere, esan dugun bezala, ikuspuntu horretatik zoriona egoera subjektiboa da, eta beraz batek esan lezake beretzat zoriontasuna telebista patxadan ikustea dela edota egunero tabernara joatea garagardo batzuk hartzera, eta ziurrenik askok ulertuko lukete egoera horietan pertsona bat zoriontsu izatea; baino zer esango lukete horiek beraiek pertsona batek esango balu beretzat zoriontsu izatea mozkortuta edo drogen mendean egotea edota gauzak puskatzea? Kontraesan horretan ikus dezakegu zoriona ongizate egoera gisa ere ulertzen dela gizartean, eta ongizatea, ongi bizitzea, dakarten eredu jakin batzuk daudela, denok zoriontsu egiten gaituztenak. Auzia, hartara, ongizatea ematen diguten horiek zeintzuk diren jakitean edo hausnartzean datza. Hausnarketa horretan murgildu dira hainbat eta hanbta pentsalari filosofiaren historian zehar.

Aristotelesentzat zoriona dakarten hiru ondasun mota bereizi zituen: kanpoko ondasunak edo aberastasun materialak, gorputzeko ondasunak edo osasuna eta plazera; eta azkenik arimaren ondasuna, jakinduria edo kontenplazioa. Eta haren iritziz, azken hau, arimaren ondasuna da benetako zoriona edo zorion gorena dakarrena. Estoikoek ere ildo horretatik jo zuten eta zoriona, haiek eudaimonia deitzen zutena, bertutearen, jakinduriaren eta neurritasunaren bitartez lortzen dena. Antzinatean, zorionari buruz hausnartu zuen beste filosofo nabarmen bat Epikuro izan zen, aurrekoengandik aldenduz zoriona plazerarekin (hedoné) identifikatu zuen, horregatik esaten da Epikuro filosofo hedonista dela, nahiz eta plazer hutsalak saihestu behar zirela ere baieztatu zuen: zehatzago, beretzat zoriona arimaren baretasun egoera bat zen, grinarik gabe, ataraxia deitzen dena.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, happiness; gaztelaniaz, felicidad.

 

 

leihoetako kristalak puskatzea

378 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.