Ziurgabetasuna (ziurgabetasun egoera)


KategoriakFilosofia

Ziurgabetasuna informazio desegokia edo horren falta daukagunean sortzen den egoera kognitiboa da. Ezagutu nahi den objektu, gertaera edo sistemari buruzko zehazgabetasuna, fidagarritasun eza edo besterik gabe ezjakintasunaren mugan dagoen egoera izan daiteke. Funtsean, ziurgabetasuna bi motakoa izan daiteke: alde batetik, ziurgabetasun epistemiko edo informazionala, gure ezagutzaren akatsengatik sortzen dena, baina finean informazio hobetuz neurri batean edo guztiz zuzendu daitekeena; eta bestetik, ziurgabetasun intrintsekoa, fenomenoen berezko zorizkotasunarekin eta aldakortasunarekin loturiko, eta beraz horien aurresanezintasunarekin, baina estatistikaren, probabilitatearen eta beste tresna batzuen bitartez neurri batean zehaztu eta maneiatu egin daitekeena.

Terminoaren erabilera-esparrua murriztuz adiera aldatu egiten da zertxobait. Erabaki-teorian, esaterako, ziurgabetasun-egoeran gaudela esaten da, eszenatoki edo natura-egoera desberdinak direlako posible, baina aldi berean horien probabilitateak ezagutzen ez ditugunean. Probabilitateak ezagunak direnean, berriz, arrisku-egoeran gaudela esaten da. Adibidez, bihar elurra edo euria egin dezakeela ziur bagaude, baina elurra eta euria egiteko probabilitateak ez dakizkigunean, ziurgabetasun-egoeran gaude; elurra egiteko probabilitatea 0.6 eta euria egitekoa 0.4 direla badakigu, berriz, arrisku-egoeran gaude. Metrologian, berriz, ziurgabetasuna parametro edo neurri baten benetako balioari buruz hura kokatzen den balioen tartea baino ezagutzen ez denean gertatzen den egoera da.

Nabarmendu behar da ziurgabetasuna ez dela beti murrizten informazioa gehituz. Izan ere, askotan informazio handiagorekin ziurgabetasuna ere handiagoa baita; adibidez, sistema bati buruzko informazio gehiago jasotzean elementu eta osagai berriak hauteman daitezke, baina haien arteko erlazioak nolakoak diren jakin gabe.1

Ikus, gainera

Erreferentziak

1.
Defining Uncertainty A Conceptual Basis for Uncertainty Management in Model-Based Decision Support. Integrated Assessment. http://citeseerx.ist.psu.edu/viewdoc/download?doi=10.1.1.469.7495&rep=rep1&type=pdf. Published 2003. [Source]
370 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.