Zenon Zitiokoa


KategoriakFilosofoak

Zenon Zitiokoa (c. K.a. 334 - K.a. 262) Garai Helenistikoko filosofoa izan zen, estoizismoaren sortzailetzat hartzen dena, zinikoen eskolatik zubi-lana eginez.

Bizitza

Zitio greziar kolonian jaio zen, egun Txipreko Larnaka hirian. Merkataria izan zen 42 urte beteta Atenasen stoa edo eskola estoikoa sortu zuenera arte. Lehenago Krates Tebaskoa filosofo zinikoaren ikasle izan zen, Atenasen bertan. Haren ondoren, Kleantes Asoskoak zuzendu zuen Atenasko eskola estoikoa.

Filosofia

Zenonen lan guztiak galdu egin dira, eta haren aipamenei esker soilik dakizkigu haren filosofiaren ustezko nondik norakoak, bereziki Krisipo Solikoaren eta Epiktetoren eskutik.

Zinikoek bezala, bertutea zen on bakarra. Haren esanetan, "gizonak bere burua garaituz garaitzen du mundua".  Apatheia edo grinak baztertzea hartu zuen bertutera heltzeko modutzat. Kathekon printzipioa garatu zuen, zeinaren arabera naturaren arabera jokatu behar dugun, katorthomata ekintza perfektura heltzeko.

Zenon zinikoen eta estoikoen arteko zubi-lanak egin zituen, zinikoen filosofia onartuz baina eginbidearen ideia estoikoa ere baieztatuz. Garaiko hezkuntza-sistema gaitzetsi eta herritarren arteko berdintasuna ladarrikatu zuen, baita janzkeran ere. Sexu-praktika guztien onargarritasuna aldeztu zuen. Tenpluak, auzitegiak eta dirua beharrezkoak ez zirela ere adierazi zuen.

Metafisikan, panteista zen, unibertso osoa jainkoa zela baieztatzen zuenez, eta Heraklitoaren filosofiaren ideia batzuk bereganatu zituen: unibertsoaren eragiletzat hartu zuen sua eta unibertsoaren sortze-suntsitze zikloa.

 

279 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.